Kazeta

Errefuxiatuen egoera nehoiz baino txarragoa

Aste honetan Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Agentziak argitaratu duen urteko txostenak okerrera joan den egoera bat deskribatzen du.

"Debakatua da errefuxiatuak uztea" dio Baionako Space Junk gelan ikusgai dagoen margolanak. © Isabelle MIQUELESTORENA
"Debakatua da errefuxiatuak uztea" dio Baionako Space Junk gelan ikusgai dagoen margolanak. © Isabelle MIQUELESTORENA

Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Agentziaren arabera, 65,3 milioi pertsona beren herritik joatera behartuak izan dira 2015ean. Hots, biztanleria frantsesaren edo italiarraren heineko kopurua. Pertsona batek 113ren gain bizi izan du egoera hori. Nehoiz ikus ez den kopurua. Gerlak, bortizkeriak, jazarpenak eta giza eskubideen urraketek eragin dute krisian diren herrietan odol huste hori.

Lehen aldia da Errefuxiatuen agentzia sortu denetik 60 milioi pertsonen heina gainditua dela. Gerlak eta jazarpenak beren herria uztera bultzatzen ditu, baina horretaratzen dituzten arrazoinak gero eta gehiago dira. Azken urteetan, Siria, Afganistan eta Somaliatik joaten dira Europako mugetan aurkitzen diren errefuxiatuak. Beren herriko mugen barnean mugitu diren populakuntza hein handienak Kolonbia, Sudan, Irak eta Yemen izan dira.

Nazioarteko erakundeak azaleratzen duen beste errealitatea, behin Europara heltzen direnean, itsasoaren arriskua gainditzen dutenek bizi duten oztopoa da, mugak hetsiak baitira. Filippo Grandi Errefuxiatuen ardura duen Nazio Batuen goi komisarioak ohartarazi duenez, gainera, asilio eskaerak ukatzen dira. Alabaina, "nazioek elgarrekin lan egin beharko luketela" uste du komisarioak.

Herria beharturik uzten duten pertsonen kopurua 1990etik upatzen ari da, baina azken bost urteetan erritmoa azkartu da. Nazioarteko agentziaren arabera, ondoko hauek dira arrazoinak: gatazkek gehiago irauten dute; gatazka berriak erregularki agertzen dira; errefuxiatuen egoerei erantzuteko neurri juridiko egokiak gero eta eskasagoak dira.

Prentsak Europak kudeatu behar duen milioi bat etorkinen problematika aipatzen zuen bitartean, joan den urtean, beren herria utzi behar izan duten pertsonen gehiengoa hego hemisferoan zirela nabarmendu du Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Agentziak.

Beste joera batek kezkatu du: munduko errefuxiatuen %51 haurrak ziren eta horietako anitzek gurasorik gabe bidaiatzen zuten.