Iurre BIDEGAIN

Donibane Ziburuko Gaztetxea mende laurden bat ospatzeko prest

Donibane Lohitzune eta Ziburuko gazteak elkartzen dituen topaguneak hogeita bost urte beteko ditu ekainaren 25ean, larunbatarekin. Programa aberats batek ibilbide honetan eta etorkizunari begira bizitzea gelditzen dena omenduko du.

Donibane Ziburuko Gaztetxea Akotze auzoan kokatzen da.
Donibane Ziburuko Gaztetxea Akotze auzoan kokatzen da.

Bada hogeita bost urte Donibane Ziburuko gazte talde batek Akotzeko auzoan kokatzen den etxe bat okupatzea erabaki zutela. Eraikinaren atea ireki bezain laster gaztetxea eraikitzeko engaiamendua hartu zuten. Geroztik, izpiritu hori belaunaldiz-belaunaldi transmititu da gazteen artean. Ekainaren 27an Donibane Ziburuko Gaztetxeak bere hogeita bost urtemuga ospatuko du; oztopoetaz gain garaipenez jositako mementoz betetako denboraldia.

Gaztetxeko kideek zeharkatutako bideaz galdegitean, balorazio "oso ona" egin dute. "Pozik gara lortu dugunaz", erantsi dute. Leku huts batetik bi hirietako gazteen bizian erreferentzia topagune bat bilakatu da.

Iragan astean Hendaiako gazteek, garaian Donibane-Ziburukoek egin zuten bezala, abandonatua zegoen etxe bat okupatu zuten. "Lehengo belaunaldiek bizi zutena oroitarazi digu. Lan handia da eta askotan ez gara ohartzen", esplikatu dute. 

Ibilbide honetan, gaztetxeko kideek oztopo asko gainditu behar izan dituzte baina batez ere oroimenean bada sei urte bizitako gertakaria gorde dute. Hain zuzen, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak gaztetxea hustu eta bertan elkarteen etxe bat sortzeko asmoa helarazi zien. "Gaztetxea normetan ez zegoela zion", esplikatu dute.

Une zail horri aurre egiteko kideak, kide ohiak eta beste hainbat gaztetxetako pertsonak elkartu ziren. "Memento zaila izan arren, denen elkartasuna sentitzea hunkigarria izan zen", gehitu dute. Urteak pasa eta gertakari hori itzalean gelditu da, geroztik Herriko Etxeak ez duelako berririk eman.

Berri "negatiborik" ez, baina, haatik, Herriko Etxeak "seinale onak" plazaratu ditu. Duela guti, Herriko Etxeak gaztetxeari proposatu dio besten garaian, ostiralean kontzertuak antolatzea hiriko plazan. Gainera, gaztetxean burutuko dituzten obrak finantzatzeko engaiamendua hartu du.

Etorkizun oparoari so

Gaztetxearen aburuz gaur egun euskaldunak ez diren gazteak geroz eta gehiago hurbiltzen dira. "Ateratzen dira jakinez zer den gaztetxe bat. Horrez gain, euskaraz komunikatzeko hitz tipiak ikasten ditugu. Hori garaipen bat da guretzat", aitortu dute.

Etorkizunari begira kideak musika emanaldietaz gain, beste gisako ekimenei ateak ireki nahi dizkiete. Pittaka-pittaka norabide hori hartzen doaz urteko proposatzen duten Merkatu Art azokarekin. Halaber, gazte gehiagok egitasmoarekin bat egitea nahiko lukete. "Urte luzaz gaztetxea bizirik ikusi nahiko genuke", nabarmendu dute.

Hogeita bost urtemuga ospatzeko gaztetxeak adin guziei zuzendutako programa prestatu du ekainaren 25erako. Goizean, 12.00etan, aperitifa batek hasiera emanen dio egitarauari.