Oier IRIARTE
Elkarrizketa
Leire Laskarai
Terminaleko ikaslea

"Niretzat frustrazio handi bat da baxoa frantsesez pasa behar izatea"

Terminaleko ikasleek gaur hasiko dute baxoa azterketa filosofiako frogarekin. Leire Laskarai Bernat Etxepareko ikasleak Baxoa Euskarazen aldarrikapenaren eta gaur horren karietara Cassin lizeoan antolaturiko elkarretaratzearen berri eman digu. Iparraldeko ikasleek frogaren ondotik Hegoaldeko unibertsitateetan sartzeko zailtasunak ere azaldu ditu.

Leire Laskarai Seaskako ikaslea. © KAZETA
Leire Laskarai Seaskako ikaslea. © KAZETA

Orain arte, zer egin da baxoa euskaraz aldarrikatzeko?

Baxoa Euskaraz taldea sortu zenetik, elgarretaratze eta manifestazioak egin dira. Ministroei gutunak bidaliz edota inguruko jendea informatuz baxoa euskaraz aldarrikatzen segitzen dugu. Taldea hala ere aski txikia da eta ez da oso ezaguna. Adibidez, duela gutxi Herri Urratseko klipean gure t-shirtak erakutsi genituen eta jende anitz informazio xeka eta guri galdetzera jin da, beraz t-shirt anitz saldu ditugu horri esker. Jendea orain hasi da informatzen talde honi buruz.

Baxoa gaur hasten denez, prest ikusten al duzu zure burua?

Egia erran, badut baxoa euskarazi lotua den presio bat. Lizeoan sartu arte biziki gaizki ari nintzen frantsesez, hala ere lizeoan anitz ikasi dut eta Literatura sailean sartu naizenez frantsesak aski garrantzi handia izan du. Hala ere, baxorako aski prestatu gira beraz ez dut beldur handirik, nahiz eta pixka bat kezkatua izan ea frantsesez nola adieraziko naizen.

Gaurko Baxoa Euskarazen elkarretaratzean parte hartuko duzu?

Bai, 12tan eman dugu hitzordua Cassinen filosofiako azterketa bukatu eta. Prentsa deitu dugu, baita jendea ere gurekin batera aldarrikatzeko.

Baxoa euskarazi begira, zein aurrerapen espero dira datorren urteetarako?

Biziki zaila da erantzunak ukatea, duela hiru urte gutunak bidaltzen ari garela. Hala ere, taldearen barnean esperantza bat mantentzen da. Espero hurrengo urtean jendea motibatuko dutela.

Zer sentitzen duzu ama ikastolatik euskara ikasi eta gero baxoa frantsesez egitera inposatzerakoan?

Hori da ukan dudan frustraziorik handiena. Nik pertsonalki beti euskaraz egin dut familia eta lagun artean baina baditut lagun batzuk haien familia eta lagunak beti frantsesez ari direnak, eta hala ere ikastolara joateko indar hori egiten dute ttipidanik, euskaraz mintzatuz eta ikasiz. Borroka handi bat da horiek egiten dutena, azken finean hiru urtez euskaraz ikastea gero baxoa frantsesez pasatzeko inutila dela pentsatzea errazago baita, eta ez dutelako aukerarik errazena betetzen, lizeo frantses batera joatea hain zuzen ere. Beraz, niretzat frustrazio handi bat da azken azterketa hori frantsesez pasa behar izatea.

Hurrengo urtean ikasketak Hego Euskal Herrian segitu nahi dituzu?

Bai, gizarte langintza ikasiko dut Gasteizen. Domaia da aurten bi ikasle bakarrik baikira, Hegoaldera joaten. Beste guziak Estatu frantsesera doaz eta pena da Estatu frantseseko ikasketa berak Hegoaldean euskaraz egin ditzaketelako, baina ez dute arriskua hartu nahi ezberdina delako azterketa eta selektibitatearen konbalidatze paperek konplikatzen dutelako. Domaia da baina bakoitzaren hautua da.

Azaldu dezakezu zein tramite dagoen baxoa egin ondoren Hego Euskal Herrira pasatzeko?

Hegoaldeko azterketa, selektibitatea, baxoa baino askoz errexagoa da eta nota handiagoak lortzen dira, beraz baxoko nota selektibitatera konbalidatzean nota apalagoa ukaten da eta hori ez da justua. Gainera, guk baxoko notak berantago jakiten ditugu, beraz izen emateak ere berantago egin behar ditugu.

Selektibitatea zein hizkuntzetan pasatzen duzue?

Ez dugu denok selektibitatea egiten. Adibidez nik historia-geografia eginen nuen, baina azkenean orientatzaileari ez nuela eginen erran nion gauza gehiegi zirelako ikasteko programa desberdin batean, eta nahiago nuelako momentu hori baxoa hobeki ikasteko erabili. Aldiz, nire lagun batek euskaraz pasatu du, nahiz eta azterketaren zati bat bakarrik izan, kimika egin du.
Ikasle Abertzaleak, Hegoaldeko ikasle mugimenduarekin elgartu gara, haiek selektibitatearen aurkako aldarri bat dute, arrunt kontra dira, sistema ez zaielako egokia iruditzen.

Eta nola da posible selektibitatea egiteko edo ez egiteko hautua izatea? Horrek zer ondorio dauzka?

Selektibitateak ekartzen duen gauza bakarra baxoko nota pixka bat hobetzea da, gainera ez gara gai guzietara aurkeztu behar. Baina programa arrunt ezberdina denez anitz ikasi behar da, adibidez lagunak kimika arrunt huts egin du beraz ez da beti hobekuntza handirik baxoko notan.

Eta ez baldin baduzu aski nota ona, unibertsitate frantsesean ikasteko ateak ireki dituzue?

Estatu frantsesean baxoa eta gero "admission post bac" webgunean izena eman behar da bertan bakoitzaren lehen, bigarren eta nahi hainbat hautu jartzen dira. Lehenean ez bazira hartua, bigarrenean, eta bestela hirugarrenean, horrela hartua izan arte. Nik banekien ez nuela frantsesez ikasi nahi beraz ez dut izena eman horretan. Estatu frantseseko unibertsitateetan sartzeko eskolaren araberakoa da, batzuek zozketaz egiten dute, beste batzuek notaren arabera eta besteek dozierraren arabera. Hegoaldean aldiz, notaren arabera hartzen dute.