Kazeta

Baionako posta bulegoa blokatu dute lan legearen kontrakoek

Jusqu'au retrait kolektiboak Baionako posta bulegoa blokatu du ekainaren 9an. Lan legea salatzeaz gain, astelehenetik greban diren postariei sostengua helarazi nahi izan die.

Baionan greban diren postariei elkartasuna adierazi die. ©Bob EDME
Baionan greban diren postariei elkartasuna adierazi die. ©Bob EDME

Goizeko 07.00etatik, Jusqu'au retrait kolektiboak Baionako posta bulegoa blokatu du ekainaren 9an. Lan legearen kontrako mobilizazio egun berri honetan, Gobernuaren egitasmoaren kontra agertu da, eta gainera, elkartasuna helarazi nahi izan die postariei. Hain zuzen, Baionako zerbitzuko langileak ekainaren 6tik greban dira La Postek burutu nahi dituen itzulien murrizketen kontra.

Berrogei bat lagunek Baionako postako ate guziak blokatu dituzte goizean. Sailkapenerako kamioiaren sarbidea oztopatu dute, baita egoitzara hurbildu nahi zuten nagusiena ere. Blokatzea 10.00ak arte iraun du. Ondotik, kideak Baionan antolatuko den manifestaldira hurbildu dira.

Oroitarazi behar da, Baionako postariek greba mugagabea abiatu zutela ekainaren 6an. Langileak La Poste enpresak plantan ezarri nahi duen berrantolaketaren kontra mobilizatzen dira. Langile gabeziari aurre egiteko, enpresak bitarteko langileak kontratatu ditu.

Egun hauetan, grebalariak enpresarekin negoziatzen entseatu dira, emaitzarik lortu gabe. Sindikatuen aburuz, enpresak negoziatzea uko egiten du mobilizazioek segitzen duten bitartean. Ekainaren 8an postariek herriko etxearen aitzinean beren aldarrikapenak entzunarazi zituzten. Halaber, ekainaren 10ean Baionako auzapeza den Jean-René Etchegarayrekin elkartuko dira.