Kazeta

Xiberoko Botzak etxez-etxeko diru bilketa abiatu du

Urtero bezala, Xiberoko Botza Irratia etxez-etxe ibiliko da dirua biltzeko. Komunikabideak entzuleen oharrak biltzeko baliagarria izanen dela azaldu du.

Xiberoko Botza Irratiaren diru bilketa uda arte iraunen da.
Xiberoko Botza Irratiaren diru bilketa uda arte iraunen da.

Maiatzaren 28an Xiberoko Botza Irratiak "etxez-etxe" diru bilketa kanpaina abiatu zuen; uda arte iraunen du. Komunikabideko administrari, laguntzaile eta langileak etxeetatik pasako dira sustengua adieraziko duten pertsonen ekarpenak biltzeko. Elkartasuna erakutsiko duen bakoitzari Xiberoko kantu txapelketako kantariak biltzen dituen diskoa eskainiko zaio.

Irratiaren aburuz, urtero antolatzen den diru kanpaina "memento azkarra" da. "Laguntza ekonomikoa beharrezkoa da; kanpaina horrek sei lan postuetarik bat ziurtatzen duelako", erantsi du.

Halaber, "etxez-etxe" ibiltzeari esker, irratiko parte hartzaileek entzuleekin elkartzeko parada izaten dute. Gisa horretan, zuzenean uhinen beste aldean dauden pertsonen oharrak entzuten ahal dituzte.