Kazeta

Euskara: pittaka onartarazten den eskubidea

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak urteko txostena aurkeztu du Baionan eta herritarren ahaleginei esker gauzak aitzinatzen direla nabarmendu du.

Argitxu Etxandik eta Garbiñe Petriatik aurkeztu dute Behatokiaren urteko txostena. © Behatokia
Argitxu Etxandik eta Garbiñe Petriatik aurkeztu dute Behatokiaren urteko txostena. © Behatokia

Koadro legalik gabe zaila izan ohi da gauzak aitzinaraztea. Horren adibide da euskara. Frantses Estatuak duen hutsune legalak toki eta alor askotan herritarrak beren eskubideak defendatzeko tresnarik gabe uzten ditu. Hala ere, pittaka euskararen erabilpena sustatzen ahal dela azaldu du Garbiñe Petriatik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendariak, "Hizkuntza-eskubideen egoera Euskal Herrian 2015" txostena aurkeztu duenean, maiatzaren 26ean, Baionan.

"Ukapen egoera izanik ere, herritarrek egiten duten ahaleginaren ondotik zenbait egoera aldatzea lortu da", baieztatu du zuzendariak. Txostenean bilduriko gertakariak baliatu ditu bere erranak indartzeko. Konparazione, Baionako mediatekan izena emateko fitxa euskaraz betetzeagatik langile baten haserrea jasan behar izan zuen euskaldun batek. Behatokiko salaketa prozedura baliatu ondoren, izen-emate fitxa bi hizkuntzetan ezarri dutela ohartarazi du Garbiñe Petriatik.

Euskararen Telefonoa eta Akuilari aplikazioaren bidez helarazten ahal dira gisa horretako oharrak. Behatokiak kexak bideratzen eta urteko txostenean zerrendatzen ditu. "Behatokira helarazitako gertaerek 2015eko hizkuntza-eskubideen egoeraren argazkia eskaintzen dute", Petriatiren hitzetan.

Lapurdiko hirietan izan diren aitzinamenduak ere izan ditu mintzagai. Ikea merkatal gune berrian eta Capio klinikan euskarak duen tokia nabarmendu du. Eta ondoko paradoxa jarri du mahai gainean: "herritar guzien eskubide guziak bermatzeko ardura daukaten agintariek eta arduradunek utzikeriaz jokatzen duten bitartean, euskaraz bizi nahi duten pertsonen jarrera aktiboari esker hartzen ari dira hizkuntza portaera praktiboak bultzatzen dituzten neurriak". Badirudi, mementoko, herritarren gain dela egunerokotasunean gauzak aldatzearen ardura.