Kazeta

Tarnoseko portuko eremua blokatu dute lan erreformaren kontrakoek

Lan legearen kontrako mobilizazio egun berri honetan, Jusqu'au retrait kolektiboak ekintza berri bat burutu du. Goizean goiz, El Khomri legearen kontrakoek Tarnoseko portu eremua blokatu dute; 150 bat pertsonek parte hartu dute ekimenean.

Ekimena 10.00etan bukatu dute. ©Bob EDME
Ekimena 10.00etan bukatu dute. ©Bob EDME

Lan erreformaren kontrako ekintzaileek tinko segitzen dute. Gobernu frantsesak plantan ezarri nahi duen legearen kontra Jusqu'au retrait kolektiboak ekintza berri bat antolatu du, "ekonomia blokatzeko" xedez. Hain zuzen, goizean goizetik 150 bat pertsonek Tarnose eta Bokale arteko portua blokatu dute maiatzaren 26an.

Ekimenaren parte hartzaileek portuko gune industrialeko bidegurutzearen sarrera guziak blokatu dituzte. Horren eragina inguruko zirkulazioan agertu da. Halaber, kamioilari batzuk sartzen entseatu dira, manifestariekin topo eginez. Protestan zeuden emakume eta gizonak kamioien aitzinean jarri dira. "Lan legearen kontra, bloka, bloka, blokatu", gisa horretako oihuak nagusitu dira bertan zeudenen artean.

Orain arte, "orokorrean kamioilarien erreakzioak baikorrak izan dira", Claude Larrieu kolektiboko kideak azaldu duenez, "bizpahiru nagusirekin eztabaidak izan ditugu"; horiek ez dira hain konbentzituak. Bakoitzak bere aldera jotzen du.

Goizeko 09.30ak inguru asanblada antolatu dute ekimenaren segida erabakitzeko. Eztabaidatu ondoren 10:00etan amaitzea hobetsi dute. Parte hartzaileak Baionan antolatua den manifestaziora abiatu dira; Santa Ursula plazatik hasiko da. Halaber, ekintzaileek 13:00etarako ekintza berri bat iragarri dute.