Iurre BIDEGAIN

Herri Urratsen ospakizun berezia Pariseko Euskal Etxean

Pariseko Euskal Etxeak hamaikagarren Herri Urrats ospatuko du maiatzaren 28an. Irabaziak Ipar Euskal Herriko ikastola bati bideratuko dizkio. Aurten, euskaldunak biltzen dituen topalekuak 60. urtemuga ospatzen du.

Pariseko Euskal Etxea Gabriel Péri etorbideak kokatzen da.
Pariseko Euskal Etxea Gabriel Péri etorbideak kokatzen da.

Pariseko Euskal Etxeak hamar urte hauetan Herri Urrats ospakizuna antolatzen du. Urtero irabaziak proiektu bat gauzatzeko beharra duen ikastola bati bideratzen dizkio. Aurtengoa, mementuko, ezezaguna da. Horrez gain, aurten Euskal Etxeak hirurogei urte bete ditu; aitzakia aproposa urtean zehar hainbat ekimenen antolatzeko.

Sustraiak Erroak eta Lokarria elkarteekin batera, Pariseko Euskal Etxeak Herri Urratsen bertsio berezia antolatuko du maiatzaren 28an. Lorea Ibañez Euskal Etxeko kideak azaldu duenez, urtero Ipar Euskal Herriko ikastola bat laguntzen dute horrela. Iragan urtean, Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren txanda izan zen.

"Ikastola tipiak hautatzen ditugu, badakigu zaila zaiela diru laguntzak eskuratzea", aipatu du. Euskal Etxeak, bere kabuz, laguntza ekonomikoa behar duen ikastola identifikatu eta "sorpresaz" irabaziak bidaltzen dizkio.

Orain arte ospatutako ekimenetan haur eta heldu askok parte hartzen dutela kontatu du Euskal Etxeko kideak. "Gazteak etorraraztea zailagoa da, horretarako rap kontzertu bat antolatzea pentsatu dugu", erantsi du. Herri Urrats berezi horretara datozenak Euskal Etxea ezagutzen duten pertsonak direla ohartarazi du: euskaldunak, bisitariak eta etxeko kideak.

Pariseko Euskal Etxeak euskarari buruzko aktibitateak sendotu nahi ditu. Ildo horretatik, iragan urtean lehen aldiz Korrika ospatu zuen. "Parisen euskarari buruzko ekimenak guti dira eta Euskal Etxeak bere helburuari tinko eusten dio", adierazi du.

Gainera, Euskal Etxearen berezitasuna Euskal Herri osoko euskalkiak batzen dituela da. "Maila eta adin ezberdineko pertsonak elkartzen gara. Aukera ezin hobea da euskara plazaratzeko", gehitu du.

Euskaldunen topalekua

Hirurogei urte darama Euskal Etxeak Estatu frantseseko hiriburutik euskararen garapenean bere harritxoa ekartzen. Urtemuga ospatzeko, zazpi ekitaldi antolatuko dituzte urtean zehar. Ekainaren 2an Berri Txarrak taldeak kontzertu bat eskainiko du. "Justuki, erakarri nahi ditugun gazte horiek hurbiltzeko parada ona izanen dute", azpimarratu du.

Halaber, ekainean antolatuko duten bazkariaz gain, irailean zikiro jate bat proposatuko dute. Urriaren 16ean "Pariseko Euskal Etxeko itzulera" ospatuko dute eta abenduaren 10ean, berriz, Santo Tomas eguna.

"Pertsonalki Euskal Etxeak dena markatzen du. Ezingo nuke Parisen bizi hori gabe. Hiria oso handia da, homogeneoa eta gune horrek hemen bizitzeko gogoa ematen dizu. Milaka gauza daude egiteko hemen, baina euskararekin lotura dutenak guti dira.  Zure egoeran dauden euskaldun askoren ezagutzeko parada duzu hemen", aitortu du Lorea Ibañezek.