Goizeder TABERNA

Adostasunera heldu dira Sokoako zuzendaritza eta langileak

Hendaiako altzari enpresako soldaten igoerari buruz ados jarri dira zuzendaritza eta langileak.

Greba bukaturik, lanean hasi dira berriz Sokoako langileak. © Gaizka IROZ
Greba bukaturik, lanean hasi dira berriz Sokoako langileak. © Gaizka IROZ

Goiz huntan giroa baretu da Hendaiako Sokoa altzari enpresan. Atzo, maiatzaren 24ean, langileek egin azken proposamena onartu dute goiz huntan nagusiek. Hala, 40 euroz upatuko da soldata langileen gehiengoarentzat eta 47 euroz soldata apalena dutenentzat.

Zuzendaritzaren azken proposamena 35 eurokoa zen, baina bilkura eta greba egun baten ondotik, langileen baldintzak onartu ditu. Ehun eta hamar bat pertsona ziren greban atzo; joan den ostiralean hasi zen mugimendua.

LAB eta CFDT sindikatuek abiatu zuten, urteko derrigorrezko negoziazioak zirela eta ez zutelako arlo sozialean zuzendaritzarekin bat egiten. Azken honek hogei euroko emendatzea eskaintzen zien langileei hasiera batean. Aldi berean akziodunen irabaziak %20ez igotzeko asmoa du eta, hori, sindikatuek ez zuten onartzen. Pedro Odriozola Sokoako zuzendariak, soldaten emendatzea eta akziodunen irabaziena ez direla zifra berdinen gainean oinarritzen eta bien arteko ezberdintasuna normala zela zion.