Kazeta

Elkargo bakarraren kontrako helegitea aurkeztu dute

Hirurogei hautetsi baino gehiagok helegite hierarkikoa aurkeztu dute hiri elkargoaren kontra. Euskal Kosta-Aturri elkargotik helegitea bidalia izan den arren, Claude Olive lehendakariak hori izenpetu ez duela azpimarratu du.

 Helegite bat aurkeztu dute prefetak egin proposamenaren kontra. © Isabelle MIQUELESTORENA
Helegite bat aurkeztu dute prefetak egin proposamenaren kontra. © Isabelle MIQUELESTORENA

Elkargo bakarraren kontra daudenek horren kontra joateko Parisera joko zutela iragarri zuten; eta horrela egin dute. Ipar Euskal Herriko hirurogei bat hautetsik izenpetu duten helegite hierarkikoa aurkeztu dute Barne Ministeritzan. Jakinik, prefetak proposaturiko egitasmoak bi baldintzak bete zituela hilabete hasieran. Mementuko, hamar herrik ez dute oraino beren iritzia plazaratu; datorren astean epea bukatuko da.

Helegitea Euskal Kosta-Aturritik bidalia izan da, baina agiri baten bidez lehendakaria den Claude Olivek hirigunea izenpetzailea ez dela argi utzi du. Halaber, hiriguneak horrelakorik egiteko "bidezkotasunik ez duela" azpimarratu du. 

Bernard Cazeneuve Barne Ministroari aurkeztu dioten helegitean izenpetzaileek elkargo bakarraren perimetroa zalantzan eman dute. Horrek Ipar Euskal Herriko hiru probintziak kontutan hartzen ditu, hots, 158 herriak.

Halaber, kontra jo duten hautetsiek Notre legea desbideratzen duela nabarmendu dute; horren helburua Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala litzateke. Horrez gain, gobernantza berriak eragingo lituzkeen desorekak azpimarratu dituzte.

Pierre André Durand prefetak iragan ostiralean azaldu zuenez, ministroak laster erantzun beharko luke. Bere iritziz, Cazeneuvek erantzun ezkorra emango luke legeak elkargoek gutienez 15.000 biztanle izan behar dituela diolako, baina ez du kopuru gorena inposatzen.

Helegite hierarkikoa ez da elkargo bakarren kontra dagoen bide bakarra. Hain zuzen, edozein herritarrek administrazioarekiko auzi-prozesua abiatzeko aukera du; hautetsi ez baldin bada ere. Posible litzateke auzapez bat baino gehiagok aterabide hori hautatzea eta horrek elkargo bakarraren martxan jartzea gibelatuko luke. Oraingoz, instituzio berria 2017ko urtarrilaren 1erako aurreikusia da.