Goizeder TABERNA

Ttotte Etxebeste erabakiaren zai dago

Easy Jet konpainiako hegazkin batean ezin igo izanagatik jarri zuen kexa Ttotte Etxebestek eta sei urte beranduago, justiziak ez du oraindik erabakirik hartu.

Lehen auzian, epaileek Biarritzeko aireportua errugabetu zuten, baina prokuradoreak elegitea jarri zuen. (Bob EDME)
Lehen auzian, epaileek Biarritzeko aireportua errugabetu zuten, baina prokuradoreak elegitea jarri zuen. (Bob EDME)

Ttotte Etxebesten eta Easy Jet hegazkin konpainiaren arteko afera ez da oraindik trenkatua. 2010eko uztailean, Etxebestek ezin izan zuen hegazkin batera igo, debekatu ziotelako. Kexa jarri zuen eta prozedura arazo, edo gaizki ulertze, baten ondorioz, dosierra 2017ko urtarrilaren 19an baizik ez da berriz aztertua izanen Baionako auzitegian.

Paueko dei auzitegiko erantzun baten zai zegoen gizona, aste honetan helduko zela erran baitzioten. Baina Paueko jurisdikzioa Baionako auzitegiaren bigarren erabaki baten zai zegoela jakin du Anne-Marie Mendiboure abokatuak. Eta Baionan, anartean, Pauekoari beha ziren.

Nahasmena epaileen erabakitik etor daiteke, 2015eko martxoko lehen auzian, bi delibero hartu baitzituzten. Batak aireportua kudeatzen duen sindikatua eta konpainiaren ordezkaria errugabetu zuen, besteak Ttotte Etxebesti hegazkinean igotzea ukatu zioten pertsonak identifikatzeko ikerketa bat agindu zuen. Dei auzia lehen partearekin lotua da. Bigarren partea, berriz, oraindik Baionako auzitegiaren iritziaren zai dago.

Epaileek galdegindako ikerketa buruturik, heldu den urtarrilean iraganen da zati horri buruzko auzia. Ondotik etorriko da helegite auzia. Ttotte Etxebestek mementoko duen erantzun bakarra Halde diskriminazioen kontrako erakundearena da. Diskriminazioa izan zela baieztatu du.