Goizeder TABERNA

Euskara erabiltzeko eta sentitzeko gomita

Eremu publikoan euskara bultzatzeko kanpaina berria hasi du Xiberoko Herri Elkargoak. Euskara plazerrez erabiltzeko euskarri zenbait plazaratu ditu.

Xiberoko Herri Elkargoak elkarteek euskaraz komunika dezaten hiztegia biltzen duten euskarriak sortu ditu. © Gaizka Iroz)
Xiberoko Herri Elkargoak elkarteek euskaraz komunika dezaten hiztegia biltzen duten euskarriak sortu ditu. © Gaizka Iroz)

Euskara sustatzeko kanpaina abiatu du Xiberoa Herri Alkargoak. "Eüskara txesta, goza eta mintza" lema lau haizetara hedatzearekin, hizkuntzaren erabilpena eta plazerra elkartu ditu. Maiatzaren 16tik aitzina, hiru astez, irratietan eta ekimen publikoetan entzuten ahalko da mezua.

“Xiberoko hautetsiek euskara afixetan, euskarrietan, ikusten zuten, baina ohartzen ziren ez zela erabilia”, azaldu du Maritxu Lacarrieuk. Alta, Herri Elkargoarentzat euskara gune guzietan baliatzen ahal den komunikaziorako hizkuntza da. Hala, azken urteetan, besteak beste, herritarren egunerokotasunean bere tokia duen alor batean lanketa berezi bat abiatu du: okindegietan.

Xiberoko hamabi okin eta pastizerien artean, gehiengoak euskarari toki handiagoa ematearekin ados izanki, beren jarduerari egokitutako hiztegia biltzen duten euskarriak apailatu ditu. Euskararen Erakunde Publikoarekin burututako lan hori gainerateko komertzio eta ostatuei proposatua izango zaie.

Kanpaina berria aitzakia gisa harturik, euskararen erabilpena alor berri batean sustatzea xede du tokiko erakundeak. Hor ere, plazerra ez da urrun. Ostatuei zieta pekoak proposatuko dizkie, bezeroen plateren azpian ezar ditzaten. Dastamena eta usaimena kitzikatzera etorritako horiek euskararekin jostatzeko gustua ere izanen dute, hiztegi, errezeta eta kantuak izanen baitituzte begipean.

Mintegia

Herri Elkargoak antolatutako bigarren kanpaina hori (lehena 2013an izan zen) ez da hiru astetara mugatuko. Udatik landa, euskara gaitzat hartuko duen mintegi bat proposatzea pentsatu du. Orain arte egindakoa ikuskatu eta aitzina begira egin litekeena eztabaidatzeko parada izanen da. Bestela ere, festetan eta pastoraletan euskararen erabilpena bultzatzeko komunikazio euskarriak izanen ditu.

Publikoari zuzendutako hainbat zerbitzutan jada lan bat eramana du. Langile euskaldunak identifikatzeko seinaletika eta oinarrizko komunikazioa euskaraz egin ahal izateko gida ere eskura jartzen die. Euskara ikasteko formakuntzak edota diru laguntzak ere eskaintzen ditu.