Irratigintza librerako gida praktikak denen eskura

Toolbox sarean, irratigintzarako formakuntza gida praktikak eskuragarri dira, libreki.

Kattin Chilibolost|2016/05/06 14:45|0 iruzkin
Umac
Martxoaren 30ean Umac sareko ordezkari batzuk Toolbox gunea eta bere edukiak aurkeztu zituzten Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Badira sei urte Radiokultura irratia UMAC Europako irrati libreen sareak biltzen dituen beste bost irratiekin lanean ari dela. Azken bi urte hauetan proiektu berri baten inguruan lanean ibili dira. Martxoaren 30ean, Umac sareko ordezkari batzuk, elkarlan honen emaitzak aurkezteko, Baionan bildu ziren. Irratigintzarako 70 bat gida praktika libreki ikusgai jartzen dituen gunea sortu dute interneten: Toolbox.

Gida praktiko batzuk formakuntza teknikoa eskaintzen dute: soinua eta musika nola muntatu, elkarrizketa bat nola prestatu, osatu, eta moztu. Beste batzuk berrriz, irrati libreek kazetaritza filosofiarekin zerikusia dute: gizarteko desoreken aitzinean zer jarrera hartu, edota izpiritu kritikoa nola bultzatu lantzeko balio dute.

Zehazki, gida hauek lau ataletan banatzen dira: kazetari gaitasun edo kalifikazioak, ekoizpenari dagozkion kalifikazioak, irratiaren bidezko hedapena eta hedabideen ulermena. Atelierra hauek "irratingintza alternatibo baten ikuspegitik pentsatuak dira. Eta izpiritu kritiko baten sustatzea" helburutzat hartzen dutela zehaztu du ere Radiokulturako koordinatzailea den Mikel Etxebarriak.

Uda honetarako, euskaraz



Atelierrak, formatzaile baten laguntzarekin, edo gabe ere burura eraman daitezke. Hauen burutzeak "ez du hilabete bat ere hartzen" ohartarazi du Etxebarriak. Bere azalpenen arabera, atelierrak aski laburrak dira, hots, ordu erdi eta egunbete arteko iraupenekoak dira. Horretaz, deneri idekia den materiala dela azpimarratzen du Radiokulturako koordinatzaila den Mikel Etxebarriak.

Proiektuan parte hartu duten Europako sei irrati libreen gisara, orotara, materiala sei hizkuntzetan eskuragarri da. Uda honetarako, euskaraz ere ikusgai izan behar luke.

 Umac sarean diren irrati libreak: Freies Radio Wuste Welle (Tubingen, Alemania), Radio Expert (Brno, Txekiar Errepublika), Tilos Radio (Budapest, Hungaria), Radio Robin Hood (Turku, Finlandia) eta Near FM (Dublin, Irlanda)