Kazeta

Ikasle gazteek "Bertsulari bat eskolan" topaketan bat eginen dute

Ikasturte honetan, Hego Lapurdiko Hiriguneko Euskara zerbitzuak eta Bertsularien Lagunak elkarteak "Bertsulari bat klasean" egitasmoa burutzen ari dira. Sei saioz osatutako proiektua bukatzeko maiatzaren 9, 10 eta 12an ikastetxe anitzetako 480 bat ikasle oholtza gainera igoko dira.

"Bertsulari bat eskolan" egitasmoa sei saioz osatua zen. ©Hego Lapurdiko Hirigunea
"Bertsulari bat eskolan" egitasmoa sei saioz osatua zen. ©Hego Lapurdiko Hirigunea

Laugarren urtea da Hego Lapurdiko Hiriguneko Euskara zerbitzuak eta Bertsularien Lagunak elkarteak gisa horretako egitasmoa burutzen dutela. Aurten, 2015-2016 ikasturtean, "Bertsulari bat klasean" proiektuaren bidez lehen mailako 4. eta 5. urtekoek, zein kolegioetako 6. eta 5 urtekoek, sei saioetan parte hartzeko parada izan dute. Odei Barroso, Aimar Karrika eta Egoitz Zelaiak gazteak bertsolaritza mundura hurbildu dituzte.

Ekimenaren helburua ikasleak "euskara gisa ludiko baten bidez erabiltzea da". Halaber, bertsolaritza jorratzen duten saioen bidez, antolatzaileek ikasleei kolegioan euskaraz segitzeko gogoa piztu nahi diete. "Zubi bat egin nahi dugu lehen maila eta kolegioaren artean", azaldu dute.

Azpimarratu dutenez, "Bertsulari bat klasean" jardueran lantzen den edukia bertso eskoletan topatzen dena baino arinagoa da. "Horretan parte hartu duten ikasle batzuk gure eremuko bertso eskoletan sartzea nahi dugu; klasetik kanpo euskara praktikatu ahal izateko erregularki", erantsi dute.

Proiektua burutu ahal izateko, Hego Lapurdiko Hiriguneak finantzamenduaren %70a ziurtatu du eta gelditzen den %30a eskolaren esku geratu da. Parte hartu duten kolegioen artean, Donibane Lohizuneko Piarres Larzabal kolegioa, Urruñako ikastola eta Hendaiako Irandatz kolegioa dira, besteak beste.

Bertso alaituak

Jarduera modu ezin hobean amaitzeko, parte hartu duten 23 klaseetako 480 bat ikasleak Donibane Lohitzuneko Ravel entzunaretoan elkartuko dira. Maiatzaren 9, 10 eta 12an, 09:30etatik 11:30etara, gela bakoitza oholtza gainera igo eta ikasitakoa aurkeztuko du.

Oskar Estangak, gazteek kantatuko dituzten bertsoak gitarrarekin alaituko ditu. Halaber, Sustrai Colina eta Amets Arzallus bertsoen artean, bertso-joko batzuk proposatuko dituzte.