Kazeta

"Txetx" Etcheverry Alternatiba itzulian burututako protesta batengatik komisaldegira deitua

Iazko uztailean, Bizik antolatutako Alternatiba Itzuliaren karira, ekimenak Fessenheimeko zentral nuklearraren aitzinean geldialdi bat egin zuen. Bertan, elkarteko kidea den "Txetx" Etcheverryk hitza hartu zuen. Bederatzi hilabete berantago, Etcheverry maiatzaren 10ean Baionako komisaldegira deitu dute.

Jendarmeriak Alternatiba Itzulia blokeatu zuen mementoa. ©1000Alternatiba
Jendarmeriak Alternatiba Itzulia blokeatu zuen mementoa. ©1000Alternatiba

Alternatiba itzulia iazko ekainaren 5ean Baionatik abiatu ondoren, uztailaren 21ean Alsazian kokatua den Fessenheimeko zentral nuklearretik pasa zen. Bertan, energia nuklearraren kontra jotzeko, Biziko militanteek hitza hartu zuten.

Ekimenean, "Txetx" Etcheverry arlo nuklearrean erabiltzen den dirua urritasun energetikoarentzat bideratu beharko litzatekeela azaldu zuen. Gainera, diskurtsoa Estatu frantseseko lobby nuklearraren joko anti-demokratikoa salatuz bukatu zuen. Hain zuzen, François Hollande presidenteak zentral hori hetsiko zuela zin eman zuelako.

Alemaniara ailegatzeko kilometro bakarra falta zenean, jendarmeek Alternatiba itzulia blokeatu zuten. Bidea hartu ondoren, GartenCoop kooperatibara ailegatu ziren. Alemaniako poliziak bertan parte hartzaileak identifikatu zituen, Estatu frantsesak eskatu ondoren. Hain zuzen, hogeita lau txirrindulari identifikatu zituen.

Geroztik, GartenCoop kooperatibak "botere abusuagatik" salaketa bat jarri zuen epaitegi administratibo alemaniarrean. Azken horrek Estatu Alemaniarra kostuak ordaintzera zigortu zuen.

Energia bereizgarrien garrantzia

Erabaki horretaz gain, Estatu frantsesak "anti-nuklearra den hitz hartzearen" kontra ikerketa bat abiatu du. Horren harira, "Txetx" Etcheverry Baionako komisaldegira deitu dute maiatzaren 10ean 10.00etan.

Bizik bere kidea "entzunaldi surrealista horretatik kargurik gabe ateratzea" fermuki eskatu du. "Alternatiba itzuliaren baitan burutu diren 200 hitz hartzeen artean, errepresioa irudikatzen duen bakarra da. Adierazpen askatasuna nuklearra hasten den puntuan bukatzen da?", adierazi du elkarteak.

Bizik goizeko 09.45etan komisaldegira joateko deia luzatu du. Horrez gain, Enercoop berriztagarria den energiaren ekoizlean izena emateko erakusmahaia antolatuko duela erran du. "Gaur egun, gure etxebizitza, komertzio eta bulegoetan elektrizitatea sortzeko, energia nuklearra alde batera uzteko baliabideak ditugu", azpimarratu du.