Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Izaskun Garcia Bordagarai
LAB sindikatuko zeharlerroko idazkaria

"Langileei gelditzen zaiguna mobilizatzea eta elkartasuna lantzea da"

Urte guztiz bezala, maiatzaren 1ean langileek haien eskubideen aldeko defentsa fermua egin dute karriketan. Aurten, gainera, Ipar Euskal Herrian burutuko diren manifestazioak lan erreforma berriaren kontra jotzeko aukera izanen dira. Izaskun Garcia Bordagarai LAB sindikatuko batzorde eragileko kideak azken urte hauetan eskubideen bilakaera aipatzeaz gain, langileak "mobilizatuak izateko" garrantzia azpimarratu du.

Izaskun Garcia Bordagarai, LAB sindikatuko zeharlerroko idazkaria. ©LAB sindikatua
Izaskun Garcia Bordagarai, LAB sindikatuko zeharlerroko idazkaria. ©LAB sindikatua

Egun, maiatzaren lehenak zer irudikatzen du?

Iruditegi kolektibo osoan, langileen aldeko borroka eta aldarrikapen eguna irudikatzen du. Langileak eta sindikatuek baliatzen dugu karrikak betetzeko eta gure aldarriak plazaratzeko. 

Ipar Euskal Herrian, aurtengo eguna garrantzitsuagoa izango da Gobernuak plantan ezarri nahi duen lan erreformaren kontrako aldarriak entzunaraziko dituztelako...

Bai hori da. Ipar Euskal Herrian lan erreformarekin gatazka zehatz bat dago. Langileak aktibatuak daude; deialdi bat baino gehiago egon da. Aurtengo maiatzaren 1a horri jarraipena emateko baliagarria da.



Azken urte hauetan, langileen eskubideen bilakaera nolakoa izan da?



Iragan urtean aipatzen ziguten berreskuratze fase batean ginela, krisitik ateratzen hasiak ginela, baina guk bagenekien krisi honetatik nola aterako ginen. Haien betiko aberastasuna mantentzeko zeintzuk izango ziren hartuko zituzten neurri politikak bagenekien zeintzuk izango ziren. Denborak arrazoia eman digu. Lan mundua ezegonkortuz, langileen lan baldintzak, eskubide zibilak erabat murriztuz eta erasotuz, krisi honi atera nahi diote irtenbidea. Guk esaten duguna da, argi eta garbi, ez dugula lagunduko berreskuratze fase hori egonkortzen. Badakigu ezarritako neurriak eta ezegonkortasun fenomeno hori geratzeko etorri direla. Guk horretan ez dugu lagunduko.



Krisi egoera hori berdina da Euskal Herri osoan? Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean parekotasunik al da?



Nire ustez antzekotasunak daude. Hala ere, bakoitzak neurri edo erreforma zehatzak pairatu izan ditu. Baina lan erreforma guztiek, azken finean, helburu berdina dute. Hau da, historikoki langile mugimenduek lortutako eskubideak murrizten joatea, langileak inolako babesik gabe uztea eta patronalaren morroi bilakatzea. Gainera, orain arte genituen eskubideak, erretreta, erretiroa, adibidez, erasotu nahi ditu. Dena, beraien aberastasuna bermatzeko.



Azken urte hauetan aldaketarik nabarmenena zein litzateke?



Adibidez, Hego Euskal Herrian lan erreformaren bitartez ezarri ziguten negoziaketa kolektiboaren erreforma oso bortitza izan da. Lehen negoziaketa kolektiboa aberastasunen banaketa hori modu orekatuan garatzeko tresna zen; langileen eskubideak babesteko tresna zen. Hori guztiz erasotua izan da. Joko baldintzak erabat aldatu dira. Gaur egun, erran dezakegu ez duela balio lehen zeukan helburuetarako, nahiko langile babesik gabe utzi ditu.



Emazteei dagokionez, beren eskubideen bilakaera nolakoa izan da?



Emazteak krisia aurretik baldintza okerrenetan kokatzen ziren; nolabait prekarietatea pairatzen zuten arlo hori nagusiki emakumeak osatzen zuten. Ikusi duguna da krisira baldintza okerragoetan sartu garela eta noski gure egoera are gehiago kaltetu dela krisi urte hauetan. Oraindik ere bigarren mailako langile izaera horrekin guk jarraitzen dugu. Oraindik ere soldata arrakala hor dago, lanaldi partzial inposatuak dauzkagu; era bateko bazterketa pairatzen dugu. 



Langileagoaren eskubideen errespetua aldarrikatzeko, giltza zein litzateke? 



Nire iritziz, mobilizazioa ezinbestekoa da. Egia da, eragile bakoitzak paper bat duela. Argi dena da instituzioek eta aginte politikoek bestelako paper bat jokatu beharko luketela, nolabait desmarkatu beharko liratekeela botere ekonomikotik. Egoera ikusita, langileei geratzen zaiguna karriketan egotea, mobilizatzea, aktibatuak egotea eta batez ere elkartasuna lantzea da. Inposatu nahi diguten eredu indibidual guzti honen gainetik berriro ere elkartasuna indartu behar dugu.



Maiatzaren lehena bezalako egunak egutegian gehiago egon beharko lirateke?



Nire ustez, maiatzaren lehena sinbologia aldetik indar asko daukan eguna da; baina noski ezin du bakarra izan. Erraten dudanean aktibatuak egon behar garela ez du zertan esan behar astebururo mobilizatuak egon behar dugunik, baina bai aktibatuak. Kontzientzia hartuta jakinda zer gertatzen ari den, jakinda ondokoari zer gertatzen zaion bere lantokian, bere administrazioan. Guztion artean saretuta egon behar gara. Mobilizatu beharrean, mobilizatuta eta bestelako ekimenak egin behar direnean bestelako ekimen horien parte izanez. 



Indar hori, Ipar Euskal herrian lan kodearen kontrako mobilizazioekin ikusten ari da...



Mobilizatzeko gaitasuna egon, badago. Langileek kriston indarra eta gaitasuna erakusten ari dira. Askotan leporatzen zaigu eragile sozialek ez dugula jendea mobilizatzeko gaitasunik, jendea mugitzeko gaitasunik, jendea ez dela mobilizatzen. Hori ez da egia. Uste dut, Ipar Euskal Herrian argi geratzen ari dela. Hego Euskal Herrian, bere garaian, ere sei greba burutu genituen. Jendea  indarrekin, gogoekin eta aktibatua dago. Orain behar duguna da indar guzti hori norabide batean kokatu eta guztiok norabide horretan aurrera egitea.