Idoia ERASO
Elkarrizketa
XABIER SOUBELET
IDAZLEA ETA MARGOLARIA

"Margoetan eta olerkietan agertzen den espresionismoa orekaren desorekaz ari da"

Xabier Soubelet margolaria, olerkigilea eta musika da. Horrez gain, Begiraleak elkarteko lehendakaria da. Kulturarekin duen harremanak horrek gidatuta, Donibane Lohizunen dantza eta literatura sustatzen ditu elkartean burutzen duen lanari esker. 

Xabier Soubelet Ziburun sortu zen 1953. urtean. ©Bob EDME
Xabier Soubelet Ziburun sortu zen 1953. urtean. ©Bob EDME

Loreak bezala, arte sorkuntzak ugariak dira udaberri honetan Xabier Soubeleten inguruan. Kuttunen dituen bi arte adierazpenetako berrikuntzak aurkeztu ditu, literatura eta margolaritzakoak. Biak argitaratu berri dituen hiru liburuen bitartez deskubritu daitezke, baita Donibane Lohizuneko txokoak janzten dituzten margo erakusketak ikusiz ere.

Sormen handiko garai batean zaudela esan daiteke; estilo ezberdineko hiru obra aurkeztu dituzu azken hilabeteotan.

Bai, hiru liburu aurkeztu dira. Bat Elkar argitaletxearekin argitaratu dut, 'Sortzearen eztandak' eleberria, munduaren sortzeaz mintzo dena pixka bat. Bestalde Maiatz-ekin 'Elektroxok' olerki liburua, gai berberaz. Pario bat egin nion neure buruari duela urte bat edo, ea gai nintzen gai beraz idazteko bi arlo ezberdinetan. Beraz, bi lanetan munduaren sorrerari buruzko gaia atzematen da olerkian eta eleberrian, desberdinki tratatua.

Bestalde, Pimientos argitaletxearekin, margo-liburu bat kaleratu dut. Orain Donibane Lohizunen badut erakusketa bat, eta horri buruz atera da liburua; hau da, '40 urte margotzen'. Horren izena da 'Gure bazterrak. Paysages. Paisajes'.

Gero, Begiraleak elkarteak ateratzen dituen liburuetan ere ari naiz lanean; beraz, lau maila ezberdinetan ari naiz.

Eremu oso ezberdinak lantzen dituzu aldi berean.

Bai, ez dakit denetan ongi den, eta ez ote den sobera. Ez, ez plazerarekin egiten ditut gauzak, eta bestela ez ditut egiten.

Eleberriak eta poesiak gai bera jorratzen dute, baina zer dakar bakoitzak?

Poesiak, 'Elektroxok'-ek, baditu hogei olerki baino gehiago, batzuk aski luzeak, eta beste batzuk gutxiago. Pixka bat ikonoklasta da, erlijioari jotzen dio, baita eboluzioei; hau da, kreazionismoaren eta eboluzionismoaren arteko eztabaida horri, mailukada bat bezala.

Aldiz, eleberrian, alderantzizko bidaia batean jarri ditut pertsonaia batzuk. Horiek beren ibilbidea Biblia idatzi zen garaian hasten dute, Adam eta Eva berraragitu ditut Darwinekin batera. Elkarrekin daude bidaian; tximino batzuekin, Homo erectus batekin, Homo sapiens batekin, Homo habilis batekin, eta beste pertsonaia batzuekin Big Bang-eraino joaten dira aroz aro. Bakoitzak ze aro bizi izan duen ikusten du. Beraien aroa ikusten ez duten bakarrak Adam eta Eva dira, ipuin liburu batetik ateratzen baitira, baina gero sapiens, habilisek… badute beren aroa. Horretan da sinesmenaren gauza, baietzaren edo ezetzaren eztabaida horretan.

Poesiaren bitartez badira horrelako ibilbide batzuk airean, eta hegaka, baina gai bera da azkenean. Erlijioari gaur daukan indarra kentzen. Erlijioa ez da guk hemen Euskal Herrian ezagutzen duguna, fededunek eta. Baizik eta erlijioak eramaten duen desmasiara. Mundu osoan desmasia gehienak erlijioaren, jainkoaren edo Alaren izenean egin dira, eta segitzen dute egiten. Erlijioa hori baldin bada… Hor dago dena.

Gogoeta sakona egin duzu liburuak idatzi aitzin?

Baietz esango nuke, bi liburuetan umorea agertzen da nabarmen. Eleberrian lekuz, edo aroz, kanpo agertzen diren gauzak badira. Eman dezagun: telebista ikusten agertzen dira orain dela 7.000 urte… Arorik ez da, denborarik ez da, denboraren nozioa galdu dute. Orduan horrek libertate osoa ematen dizu edozein gauza kontatzeko. Hori eleberrian, eta poesian gauza bera, baina laburki egina.

Literaturaz gain, margolaritza ere landu duzu.

Orain Donibane Lohizunen, apirilaren 25era arte, bi lekutan '40 urte margotzen' erakusketak daude, Dukontenian eta La Rotonde pergolan. Lehenbizikoan nire ibilbidearen lehen 30 urteak, figuratiboak izan direnak, agertzen dira, nire lehengo margo bidea erakusten dutenak. Eta La Pergolan, nire azken hamarkada; horiek oso koloretsuak dira, abstraktorantz jotzen dutenak. Ikusleak batetik hasi eta bestean bukatuz gero, eboluzioa ikusten da, garapen handia, baina logikoa dena; beti argiaren bila eta kolore bizien bila.

Nola definituko zenuke 40 urte horietan egin duzun ibilbide hori?

Hastapenean, 20 urte nituelarik, inpresionismoaren eragina ageria zen: Monet, Manet, Pisarro, Gauguin… Begi aurrean neukana berriz egitea. Beharrik, eta eskerrak argazkiak atera zirela bere garaian, margolaritzari erakusteko begi aitzinean dagoena egitea ez dela aski. Orduan poliki-poliki barnean sentitzen dena ateratzen da, espresionismoz beteriko keinuekin eta askatasunarekin. Sentitzen dena plasmatu, bota, nahiz eta ezer ez izan ikustekorik gure begiek ikusten dutenarekin. Ez dut nahi begiek ikusten dutena egin, baizik eta bihotzak, odol beroak, ikusten duena.

Gero, artearen historia ezagutzen baldin baduzu, kokatzen ahal dituzu nire margoak aroz aro espresionismo abstraktura arte. Orain badago espresionismo abstraktua Ameriketan, XX. mendearen bukaeran eta XXI. mendearen hastapenean, Kooning, Mitchell… abstraktura jo dutenak.

Bestalde, bada lotura bat liburuekin, batez ere olerki liburuekin. Erran nahi dut, espresionismo hori berdin agertzen da margoetan eta olerki horietan. Espresionismo abstraktu hori orekaren desoreka da; zerbait mugitzen ez denean mugitzen baduzu, desoreka bat sortzen duzu. Desoreka horrek gero oreka berri bat sortu du, eta orduan orekaren desorekaz ari da liburua. Eta margoarekin berdin, ari zarenean zure oihalaren aitzinean eta hasten zarenean margotzen, oihalari desoreka bat eragiten diozu, ez da lehengo zuria. Eta gero, oreka berri bat sortzen da, eta horrela da poliki-poliki, dena bihotzez aterata.