Kazeta

Mauleko hiltegia: diputatuen aitzinean "lan tresna arriskuan" dagoela nabarmendu dute

Bada hilabete bat inguru animalien kontrako tratu txarrengatik Mauleko hiltegia hetsi zela. Estatu frantseseko hiltegiak ikertzeko xedez, diputatuen batzorde bat sortu dute. Apirilaren 28an Michel Etxebest Mauleko auzapeza eta hiltegiko zuzendari ohia den Gerard Clementek diputatuen galderei erantzun zizkieten.

Michel Etxebest eta hiltegiko zuzendari ohia Gerard Clementek diputatuen galderei erantzun zioten apirilaren 28an.
Michel Etxebest eta hiltegiko zuzendari ohia Gerard Clementek diputatuen galderei erantzun zioten apirilaren 28an.

Pasa den martxoaren 29an L214 elkarteak Mauleko hiltegiko lan metodoak publiko egin zituen kamara ezkutuekin hartutako irudien bidez. Irudietan, animalien kontrako tratu txarrak agertzen ziren. Honen ondorioz, Prefetak hiltegia hesteko agindua eman zuen, eta geroztik hetsia da.

Estatu frantseseko hiltegien egoera ikertzeko xedez, Frantziako Asanblada Nazionalean hogeita hamar diputatuek osatutako batzorde bat eratzea erabaki zen. Apirilaren 17an L214 elkarteko kideak entzunak izan ziren eta biharamunean, Mauleko auzapeza den Michel Etxebest eta Gerard Clemente hiltegiko zuzendari ohiaren txanda izan zen.

Ateak hetsi dituenetik, Mauleko hiltegira eramaten zituzten animaliak Angeluko eta Biarnoko hiltegietara bideratzen dituzte. Etxebestek, hesteak Xiberoko ekonomian eragin handia izan duela azpimarratu zuen, “erietxean anestesiagatik istripu bat gertatzen denean ez da erietxea hesten", esanez.

Hiltegia hetsi dutenetik bezeroek beste ohiturak hartu dituztela azpimarratu du auzapezak, "normala dena". Denbora gehiago pasatzen bada, gero eta  "lan tresnaren" arrisku handiagoa. Horregatik, diputatuei hiltegia ikertzeko prozedura azkartzea eskatu zien.

Zuzendariak bere aldetik “hiltegian horrelako gauzak egiten zirela ez nuen inoiz pentsatuko” azaldu zuen. Langile guziak formatuak izan direla nabarmendu zuen. Bere ustez, aterabiderik eraginkorrena bideo zaintza sistematikoa eta orokorra litzateke.