Kazeta

Maiatzaren 1ean, langileen eskubideen defentsa karriketan

Urte guztiz bezala, maiatzaren 1ean iragartzen den Langileen Nazioarteko Egunean, karrikak aldarrikapenez beteko dira. Bizi elkarteak Baionan "aberatsen manifestaldia" antolatuko duen bitartean, Maulen ere mobilizazio bat prestatuko dute.

Lan erreformaren kontrako aldarrikapenak ere presente izanen dira maiatzaren 1ean. ©Isabelle Miquelestorena
Lan erreformaren kontrako aldarrikapenak ere presente izanen dira maiatzaren 1ean. ©Isabelle Miquelestorena

Urte guztiz bezala maiatzaren lehenean langileek haien eskubideak aldarrikatuko dituzte. Langileen Nazioarteko Egunaren kari, Ipar Euskal Herrian hainbat mobilizazio deitu da. Aurten gainera, Gobernu frantsesak plantan eman nahi duen lan erreformaren kontra jotzeko aukera izanen da ere. Maiatzaren 3an, Frantziako Asanblada Nazionalak berriz ere egitasmoaz eztabaida eginen du.

Aurten, Bizi kolektiboak umorez betetako ekimena antolatzea erabaki du. Goizeko 10:30etan, San Ispiritu plazatik abiatuko den "Aberatsen manifestaldia" prestatu du. "Lan gehiago lana dutenentzat, aberastasun gehiago aberatsak direnentzat, diru gehiago dutenentzat..." jantzi bereziekin karrikak zeharkatuko dituztenek horrelako mezuak ozen entzunaraziko dituzte.

El Khomri deitutako legea ere mobilizazioan present egonen da. "Egitasmoa sostengatzeko dituzten arrazoiak ezagutaraziko" dituztela aipatu du Bizik. Halaber, elkarteak Gobernuaren politika sostengatzeko xedez, manifestatzaileei parte hartzeko gomita luzatu die. "Zalantzarik gabe guri, aberatsei, duela lau urtetik hona sostengatzen gaituen gobernua da".

"Pobreak ere onartuak izanen dira eta ontsalaz mantsoki segituko gaituen muga gabe esplotatua izateko prest diren soldatapeko eta langabetuen jende lerroa osatuko dute", erantsi du. Ekimenaren ondotik, Tonneliers karrikan bazkari herrikoia eskainiko du.

Egun berdinean, 11:00etan, Maulen, manifestazio bat antolatu dute. Mementoz, LAB sindikatua, SUD, ELB, BDS, Barnekaldeko lan legearen kontrako kolektiboa eta Zinka ostatuak deialdiarekin bat egin dute. Mobilizaziora joan baino lehen, Donapaleutik auto-karabana bat prestatuko dute. Ekimena ondotik bazkari bat antolatuko dute Zinkan.