Kazeta

Pedofilia salaketa batengatik, Baionako apez bat bere kargutik baztertua

Jean-François Sarramagnan Baionako elizbarrutiko apaiza kargutik kendu dute 1990eko pedofilia kasu bati lotua litzatekeelako.

Marc Aillet, Baionako apezpikua. (Bob EDME)
Marc Aillet, Baionako apezpikua. (Bob EDME)

Marc Aillet Baionako apezpikuak, agiri batez aferaren berri eman du. Jean-François Sarramagan kargutik kentzea erabaki dute pedofilia kasu batekin lotura lukeelako. Hain zuzen, erasotua litzatekeen emazte batek, apaizaren iloba eta garai horretan nerabea zena, salaketa jarri du Clermont-Ferranden.

Aillet apezpikuak agiri batez gertakarien azalpena gin du, eta Baionako Fiskaltzari kasuaren berri eman diola aipatu du. Samuel Vuelta Simon Baionako prokuradoreak agiria jaso duela baieztatu du. Prokuradoreak azaldu duenez, "Clermont-Ferranden hasitako ikerketak gertakariak Euskal Herrian izan zirela baieztatzen badu, Baionako Fiskaltza aferaz arduratuko da".

Ailletek bazekien

Baionako apezpikuak bere agirian gaiaren berri 2009tik zuela aitortu du. Aillet eta Sarramagan elkartu zirenean, dagoeneko azken honen aurretikoa zen Pierre Molèrek, kargutik kendua zuen. 2007an "neska gazte batekin lotua zen afera batengatik" terapia burutzeko, Lourdes ondoko Tournay Abadiara eraman zuten.

Baina Sarramaganek Ailleteri aipatu ziona 1991ko gertakariak ziren, hots, bere ilobarekin lotutako afera. "Biktimarengatik arrangurak zituelako eta familiak salaketarik jarri ez zuenez", Marc Ailletek "neurri kontserbadoreak" hartzea erabaki zuen. Hain zuzen, "berreraikitzeko ibilbideari" erreferentzia egiten dio agirian, jakinik, Sarramaganek bere buruaz beste egiteko saiakerak egin zituela.

Orduan, Sarramagani beste kargu bat eman zioten. "Aurreikusia zen haur eta gazteetatik hurbil ez zituela ardurarik izanen". Haatik, geroztik hainbat alditan Sarramagan ikusia izan da gazteekin jarduera ezberdinetan.

Sud Ouest egunkariak argitaratu duenez, 2011ko maiatzean Sarramagnaek, Etchenique apaizarekin batera, Notre Dame de Came eskolako bi gela estreinatu zituen. Urte berdineko abuztuan, komunikabide berdinak dio apaizak bederatzi gazte lagundu zituela Gazteriaren Nazioarteko Egunetara (JMJ). Halaber, 2012ko martxoan ere apezpikuak prestatu zuen Gazteen Pastoralaren antolaketan parte hartu zuen.