Kazeta

Hiri elkargo bakarra: biztanleriaren langa gainditua

Aiziritzeko herriaren bozketari esker, hiri elkargo bakarraren egitasmoak Ipar Euskal Herriko biztanleriaren erdia ordezkatzea lortu du. Egun, 149.390 biztanle ordezkatzen dituzten herriak prefetak egindako proposamenaren alde agertu dira. Falta diren Herriko Etxeek maiatza bukaera arte dure haien bozketak egiteko.

Baterak lau elkarretaratze antolatu zituen apirilaren 2an hiri elkargo bakarraren alde. ©Batera
Baterak lau elkarretaratze antolatu zituen apirilaren 2an hiri elkargo bakarraren alde. ©Batera

Hiri elkargo bakarraren egitasmoa plantan emateko, prefetak bi baldintza finkatu zituen. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko Herriko Etxeen erdiak BAI bozkatzea, eta bestaldetik, Herriko Etxe hauek Ipar Euskal Herriko biztanleriaren erdia ordezkatzea. Aiziritzeko baiezkoarekin, baldintza bat betea da: elkargo bakarraren alde agertu diren herriek biztanleriaren erdia ordezkatzen dute.

Apirilaren 28an Aiziritzek prefetaren proposamenaren alde jo du. Zehazkiago, bederatzi hautetsiek alde bozkatu dute, hiru kontra agertu dira eta lauk bozka zuria eman dute. 670 biztanle ordezkatzen dituen azken bozketa honi esker, biztanleriaren langa gainditu da. Hau da, 149.390 biztanle ordezkatzen dituzten herriak prefetak egindako proposamenaren alde agertu; jakinik, Ipar Euskal Herrian 300.000 biztanle daudela.

Egitasmoa plantan ezartzeko, prefetak bigarren baldintza bat finkatu zuen: Herriko Etxeen erdiak baiezko boza ematea. Egun, Ipar Euskal Herriko 158 herrietatik, 83tan egin dute bozketa, 64 alde eta 19 aurka agertu direlarik. Orain, beste 75 herriek bozkatu behar dute eta prefereren baldintza betetzeko, horietatik 15ek guttienez oniritzia adierazi beharko dute.

Falta direnen artean, apirilaren 28an, Jatsun bozkatuko dute. Gisa berean, maiatzaren 2an Kanbon eta Gamarten eginen dute. Biharamunean, Bokale, Aiherra, Atharratze-Sorholüzen, Bardozen eta Milafrangak bozkatuko dute.

Gauzak horrela, 2017ko urtarrilaren 1ean Udalen Lankidetzarako Erakundea sortuko da, baldin eta, aurreikusten den bezala, prefetak jarritako baldintza bikoitza erdiesten bada: herrien erdien oniritzia jasotzea, eta biztanleen erdia horietan bizitzea. Herriko Etxeek maiatza bukaera arte dute iritzia adierazteko.