Kazeta

Atxiloketak Nafarroan "Guardia Zibilari iraintzea" leporatuta

Zortzi pertsona atxilotu du Estatu espainiarreko Poliziak Guardia Zibila "irauindu" dutelakoan. Guardia Zibilak eragin torturak salatzen dituen "Aztnugal" kanpainaren harian gertatu dira atxiloketak. Horien artean Sortuko kidea den Txelui Moreno, bere emaztea eta semea aurkitzen dira.

Bost nafarrek pairatutako tortura salatzen duen pareta.
Bost nafarrek pairatutako tortura salatzen duen pareta.

Poliziak zortzi pertsona atxilotu ditu Burlatan, Atarrabian eta Iruñean (Nafarroan), bost nafarrek pairatu zuten tortura salaketarekin lotuta. Hain zuzen, pareta batean tortura salaketa margotzeagatik. Margoketa "Aztnugal" kanpainaren baitan burutu zen, berriki epaitu dituzten gazteek pairatu zituzten torturak salatzeko. Atxilotuak, Mikel Otano, Esteban Gota, Julia Ibañez, Itxaso Torregrosa, Txelui, Ibai Moreno eta Saioa Ibiriku dira. Zazpiak aske gelditu dira komisaldegian deklaratu ondoren. Eguerdian, zortzigarren pertsona bat atxilotu dute, Angel Mari Erro hain zuzen eta ordu batzuk beranduago ere askatu dute.

Operazioa polizia beraren ekimenez burutu dute. Hots, ez du epaile batek agindu. Estatu espainiarreko Gobernuaren ordezkaritzak baieztatu du atxilotu dituztela paretan egin margoketagatik. Txelui Moreno sortuko kideak Info 7 irratian ekimena baimendua zela zehaztu du.

Sortuko kidea izateaz gain, Iker Morenoren aita da. Azken hori, Audientzia Nazionalean epaitua izan zen iragan astean eta bere atxiloketan torturak pairatu zituela salatu zuen. Txelui Moreno atxilotua izan baino lehen Info 7 irratian "Guardia Zibila iraintzea" leporatzen diotela azaldu du. Minutu batzuk beranduago atxilotua eraman dute bere emaztea eta semearekin.

Oroitarazi behar da "Aztnugal" kanpaina Jon Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Gorka Mayo, Gorka Zabala eta Iker Morenok pairatu torturak salatzeko burutu dela azken asteotan. Bestalde, iragan astean akusazioarekin eta prokuradorearekin defentsak lortu akordioa dela eta bost gazteak ez dira kartzelara itzuli beharko.