Kazeta

19.000 pertsona mobilizatuak kartzelak hustearen alde

"Amnistiaren norabidean, preso eta iheslariak etxera" lelopean milaka pertsonek Bilboko karrikak bete zituzten apirilaren 17an. Ekimenean parte hartu zutenek dispertsioaren bukaeraren garrantzia nabarmendu zuten.

Autonomia kalea jendez gainezka. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)
Autonomia kalea jendez gainezka. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

Milaka eta milaka pertsonek Bilboko karrikak bete zituzten kartzelak hustu behar direla aldarrikatzeko. Euskal preso eta iheslari ohiek antolatu manifestazioan 19.000 lagunek parte hartu zuten Gara eta Naiz hedabideen kontaketaren arabera.

Mobilizazioa hasi baino lehen Juan Mari Olano eta Antton López Ruizek "Kubati" hitza hartu zuten antolatzaileen izenean. López Ruizek preso eta iheslarien gaia konpontzeko agenda politikoaren parte izan behar dela nabarmendu zuen. Halaber, "preso eta iheslarien etxeratzearen testuinguruan, baketzea bultzatzeko prest" daudela erran zuen.

Manifestazioa Bilboko herriko etxearen aitzinean bukatu zen. Begoña Uzkudun eta Oihana Garmendiak Cordoba, A Lama eta Terueletik, Ana Belen Egues, Josetxo Arizkuren eta Asier Ormazabal euskal presoek bidali mezuak irakurri zituzten.

Arizkurenek "erakutsi sostengua" eskertu zuen. "Baina batez ere pozik gara desmartxaren zentzuarekin, bere eduki politikoarekin eta etorkizunarekiko duen proiekzioarekin", aipatu zuen. Gainera, "presoak pertsona aktiboak" izan direla azpimarratu zuen; "gure borrokarekin lotua den guzia bizitasun handiarekin bizi dute".

"Bizitasun hori berreskuratu nahi dugu, jakinik azken denboraldi honetan pixka bat baztertua izan dela. Desmartxa berreskuratu nahi dugu kolektiboan eta karrikan, gizartea gatazkaren ondorioen aterabideei buruz mobilizatuz", gehitu zuen. Halaber, Arizkurenek presoek pasatuko ez dituzten bi marra gorri badirela zehaztu zuen: "damuarena eta salaketarena".

"Zigor gehigarria"

Juan María Olanok presoek bakarrik egoera ezin dutela "desgaitu" nabarmendu zuen, ildo horretatik, "gure laguntza behar dute". Azken bost urteetan "Euskal Herrian gauza asko aldatu" direla aipatu zuen, baina, aldiz, kartzeletan egoera ez dela aitzinatu salatu zuen.

Presoen kolektiboari aplikatzen zaion legealdi bereziarekin bukatuko dutela erran zuen eta presoen eskubideak ukatzeko "borondate politiko" bat dagoela frogatuko dute. "Gizartearekin egin nahi dugu, baina fermuki. Ezin dugu gaixo diren presoen bizia luzatu kartzeletan", esplikatu zuen "etxera ekartzearen aldeko apustua" eginez. 

Gainera, dispertsioarekin bukatzeko garrantzia aldarrikatu zuen; "ziegak kartzela guzietan berdinak direlako". "Presoarentzat ez dago ezberdintasunik Algerirasen edo Martutenen izanki, baina familia eta lagunentzat zigor gehigarri bat irudikatzen du", esplikatu zuen.