Iurre BIDEGAIN

Willis Drummond taldea itzultzen da bost kontzertu eskaintzeko

Urte eta erdiko pausa egin ondoren, Willis Drummond taldea oholtzetara itzuliko da Euskal Herrian zehar eskainiko dituen bost kontzertuekin. Horietako bat Euskal Herria Zuzenean Festibalean antolatuko du. Taldeak, ”Datarik ezarri gabe" disko berri bat osatzeko kantuak prestatzen hasi dela iragarri du.

Willis Drummond taldeak iragan urteko Herri Urrats kantua sortu zuen Niko Etxartekin. (©Aurore Lucas)
Willis Drummond taldeak iragan urteko Herri Urrats kantua sortu zuen Niko Etxartekin. (©Aurore Lucas)

2014ko urrian Willis Drummond taldeak pausa bat eginen zuela iragarri zuen. Garaian taldeak zuen "dinamikarekin hausteko" nahian, Hondarribiko Psilocybenea gelan azken kontzertua eskaini zuen. Urte eta erdiko pausa egin eta, taldea kide bat gutxiagorekin oholtzetara itzuliko da bost kontzertu eskaintzeko. Horietako bat Euskal Herria Zuzenean Festibalean antolatuko du, ekimenaren antolatzailea den elkarteak iragarri duenez.

Jurgi Ekiza kantariak iragarri dueles, azken hilabete hauetan taldeko kideak elkartu dira entseguak egiteko eta kanta berriak prestatzen hasi dira. "Ez diogu gure buruari presiorik sartu nahi. Beldur ginen zuzenekoekin, zenbat itxoin behar genuen inguruko zalantza, eta azkenean bost kontzertuak egitea erabaki dugu", gehitu du.

Disko berria kaleratzeko datarik ez dute finkatu; "betiko erritmotik atera” nahi izan dutelako. Aitzinatu ahala gauzak pentsatu eta zehaztuko dituztela argitu du kantariak.

Itzulera horretan taldeak kide baten falta sentituko du, Rafa Rodrigok taldea uztea erabaki baitu. "Rafak beste gauza batera pasatzeko erabakia hartu du. Hilabete hauetan beste lau kideek musika egiten segitu dugu, beraz hemendik aitzina eginen duguna lau instrumentuentzat eginen dugu", azaldu du Ekizak.

Momentuz bost kontzertu horien tokiak ez dituzte ezagutzera eman; haatik, Jurgi Ekizak "Euskal Herrian izanen" direla iragarri du. Halaber, entseguetan kideen artean ilusioa handia nabaritzen dela nabarmendu du eta bere aldetik, "kriston gogoak" dituela aitortu du.