Argitxu DUFAU
Elkarrizketa
Ibon Fernandez Iradi
Larriki gaixorik dagoen presoa

"Zigorra gelditzea ukatuz, guztiz elbarritua izatera kondenatu nahi naute"

Esklerosi anizkoitza pairatzen duen Ibon Fernandez Iradik behin baino gehiagotan bere zigorra gelditzea eskatu dio justizia frantsesari. Berriki libre gelditu den Lorentxa Guimonen askatasunak ate bat irekitzen dion galdetzean euskal presoak "aldaketarik eragingo ez" duela uste du.

Ibon Fernandez Iradi euskal preso politikoa.
Ibon Fernandez Iradi euskal preso politikoa.

Lorentxa Guimonen askatzea dela eta, uste duzu zure eskaeran horrek modu positiboan eragin dezakeenik?

Hasteko esan ondo dakidala gaixotasun larri baten ondorioak espetxean egunero-egunero jasatea zer den, eta zentzu horretan Lorentxaren askatzeak asko poztu nindun. Besarkada bat bidaltzen diot hemendik.

Bestetik, kasu bakoitzak bere ezaugarri eta testuingurua du, eta nire kasuan izan dezakeen eraginari dagokionez, ez dut ikusten aldaketarik eragin dezakeenik. Gurekiko erabakiak bultzada politiko handia izaten dute, nire kasuan hori ezkutatzeko indarrik ere ez zuten egin. Ez dut uste epaileek orain arte izan duten jarrera aldatzeko deliberoa hartuko dutenik.

Azken finean, nire eritasun larriaren berri badute, eta zigorraren etetea jasotzeko baldintza guztiak betetzen nituen arren, ni askatzeko batere borondaterik ez zuten erakutsi. Ni ez kaleratzeko erabaki politikoa jarri zuten, nire osasun egoeraren aurretik, nahiz eta beraien erabakiak argudio juridikoz janzten saiatu ziren. Ez dut uste egoera hori aldatu denik.

Kasu bakoitzak baldintza berdinak betetzen ditu?

Ez, bakoitzak ezaugarri propioak izaten ditu. Esate baterako Lorentxaren askatzea, baldintzapeko askatasunaren eskaera baten testuinguruan eman da; zigorra bukatzeko ere ez zitzaiolarik horrenbeste falta. Nire kasuan prozedura desberdina da, zigorraren etetea da eskatzen dudana, oraindik ez bainago baldintzapeko askatasuna eskatzeko epeetan. Hau da, espetxe zigorraren parentesi bat bezalakoa da. Larri gaixo zaudelako eskaera onartzen badizute, espetxetik ateratzen zaituzte, baina ondoren zure osasun egoera hobetu dela pentsatzen badute, espetxera bueltatzeko arriskua duzu.

Euskal Herrian martxan jarri den bake prozesua kontutan hartuz, uste duzu egoera horrek epaileengan eragina izango duela?


Ipar Euskal Herriko eragile askok gatazkaren konponketan bultzatzeko hartu duten engaiamendua txalotzekoa da. Epaileen jarrerak eta erabakiak ordea, oraindik ez dira aldatu eta tronpatzeko gogo handia dut, baina epe motzean jarrera hori aldatuko denaren keinurik ere ez dut ikusten.

Noiz aldatuko den jarrera hori? Ez dut gustuko esperantza, handik edo hemendik etorri daitezkeen edo erori daitezkeen erabakietan jartzea. Arazoen konponbidea inondik ez zaigula 'eroriko' pentsatzen dut. Nire ustez egokiagoa da honako ariketa edo honako formulazioa egitea: gutariko bakoitza zer egiteko prest gaude egoera aldatu dadin, orain jasaten ditugun jarrera eta erabakiak alda daitezen?

Zentzu horretan, Ipar Euskal Herriko eragile anitzek gatazkaren konponketan eragiteko hartutako erabakia, zein Lorentxaren askatasun eskaeraren inguruan egon den herri mobilizazioa, zentzu positiboan doala uste dut.

Nola bizi duzu eritasuna espetxean?

Horrelako eritasun bat jada kalean kudeatzea zaila bada, espetxean oso zaila bilakatzen den ariketa da. Zaintzarako behar dituzun baldintza minimoak ez dira ematen espetxean, eta aldiz, eritasunak okerrera egiteko ingurune aproposa topatzen du. Zailtasunak, oztopoak eta arriskuak, eguneroko ogi dira eta non-nahi topatzen dituzu. Espetxean presoen artean sarri egoten diren edozein infekzio (marranta, gripea, gastroentiritis, …) harrapatu eta eritasuna gaiztotuko denaren beldurra dut.

Zein da segitzen duzun artamendua?

Neurologoa soilik urtean behin eta bideokonferentziaz ikusteko aukera dut; hots, aurrez-aurreko kontsultarik ez dut berarekin. Eritasunak nire kasuan eskatzen dituen kinesiterapeuta sesio kopurua izateko aukerarik ez dut, ospitalera urgentziaz atera behar izanez gero zailtasunak…

Bestetik nire zigorraren etetea ukatzeak suposatzen duen jokabide maltzurra salatu nahiko nuke. Ederki asko dakite esklerosi anizkoitza bizi guztirako eritasuna dela eta neurodegeneratiboa dela. Aipatu bezala espetxean eritasuna zaintzeko bitarteko minimoak ez daude eta beraz, giltzapean, eritasuna okertzeko baldintza guztiak ematen dira.

Zigor bikoitza duzula errango zenuke?

Preso guztiek duten espetxeko zigorra izateaz gain, bestelako zigorra ere badut gainean, nire osasuna okertzera bultzatzen duten egoera bat jasatearena. Gordinki hitz egitearren, zigorraren etetea ukatuta, ni guztiz elbarri eta fisikoki ezgai izatera kondenatu nahi naute. Hori itxaroten ari dira beraien jarrera mantenduta, jakinik espetxean mantentzeak hori errazten eta azkartzen duela.

Preso guztiek amesten dugu askatasuna berreskuratuko dugun egunarekin, baina larriki gaixo gaudenok badugu beste arrangura bat: gure egoera fisikoa jada txarra bada, eta jakinik ere bizitza guztian zehar zaintzak beharko ditugula, zein osasun egoeran eskuratuko dugu egunen batean askatasuna?

Zein egoeratan da zure eritasuna?

Zoritxarrez eritasunak bere bidea egin du eta sintoma batzuk behin betiko instalatuak ditut. Horrela, sintoma garrantzitsuenak aipatzearren, gorputzaren ezkerralde guztian min dut, eta ukituarekiko sentsibilitate arazoak ditut; parestesiak deitzen direnak. Neke fisiko handia izaten dut, ahulezia dut hanka batean eta sarri akufenoak izaten ditut.

Seinale horiek eta egoera hori kudeatzea ez da batere erraza, eta are gutxiago ni nagoen egoeran. Esklerosi anizkoitza edozein momentutan erasotzen dizun eritasuna da, eta sarri, erasoa pasa ondoren, sintoma zaharren larriagotzea edo sintoma berriak behin betiko instalatzen zaizkizu.

Horrela, etsigarriena da, egun bizi dudan egoera zaila bada, badakidala etorkizunean etorri daitekeen guztia okerragoa izango dela; gero eta okerragoa. Espetxea, okertze hori azkarrago etortzeko eta larriagotzeko ingurune ezin aproposagoa da.