Iurre BIDEGAIN

Kaskarotenea ikastola estreinatuko dute, "egonkortua" eta garatzeko bidean

Oztopoak gainditu ondoren, Ziburuko ikastola berriak iragan irailean ateak ireki zituen. Ibilbidean "pozik" aitzinatu dira eta Kaskarotenea plantan dela ospatzeko besta bat antolatu dute apirilaren 9an. Ikastola egonkortzeaz gain, garatzen doa; heldu den ikasturtean lehen maila irekiko du.

Kaskaroteneak iragan irailean ateak ireki zituen. © Isabelle Miquelestorena
Kaskaroteneak iragan irailean ateak ireki zituen. © Isabelle Miquelestorena

Irailean Kaskarotenea ikastola berriak lehen urteurrena ospatuko du. Eraikin berria lortu arte, gainditu behar izan dituzten oztopoak anitzak izan dira. Liskarrak gibelean utzita, Ziburuko ikastolako zuzendaria den Laida Mujikak bilan "bikaina" egin du: "denak oso pozik gaude". Apirilaren 9an "hor direla" eta "ongi instalatuak" direla erakusteko, besta batekin estreinaldia antolatu dute.

Mujikaren iritziz, Marinela auzoan kokatua den ikastola “leku oso egokia da". Lehen, gela bakarra zuten eta orain, hiru dituzte. Irakasle eta langileentzat lana asko erraztu dela azaldu du. "Segurtasuna dugu. Gure eremuan gara eta badakigu hortik ezin gaituztela kanporatu", erantsi du.

Urte honetan, gainera, Herriko Etxearekin harremanak “naturalki hobetu" direla nabarmendu du. "Nire ustez hor finkatuak ginela eta ezingo gintuztela hortik bota ulertu dute. Haiek ere giro nahasiaz aspertuak ziren", azaldu du. "Eskolen zirkuituan" sartu direla normaltasuna lortuz. Bide horretan, Herriko Etxeak igerilekura joateko autobusa ikastolaren esku jarri duela erran du.

Plantan jartzeaz gain, Kaskarotenea emeki-emeki garatzen doa. Laida Mujikak heldu den ikasturtean lehen mailarako eskaintza irekiko dutela iragarri du. Hau da, Ikastolak irailaz geroztik 21-22 ikasle izango ditu. "Maila berria irekiko dugu, baina irakasle bakarra izanen da eta ikasleak gela bakarrean egonen dira", azaldu du. Hain zuzen, gela bikoizteko, arauak 23 ikasle izan behar direla dio. "Helburua urtez urte garatzen joatea da", gehitu du.

Giro onean "indartuak"

Gibelera begiratuz, pasatu duten guztiaz galdegitean, zuzendariak, irri artean, "urrun ikusten" duela erran du. “Une latzak izan dira horrelako gauza sinple bat lortzeko: ikastola bat, 600 metro karratu", aipatu du.

Haatik, bere iritziz, Herriko Etxearen aldetik "gauzak beste modu batera egiten ahal ziren". Oroitarazi behar da Seaskak 300.000 euro lortu behar izan zituela proiektuarentzat. "Orain harremana ona da, baina gaizki pasarazi digute", kontatu du Mujikak.

Une txarrez gain, zuzendariak alde baikorrak nabarmendu nahi izan ditu. Izandako sostengua "aitzina joateko" balio izan zitzaiela aitortu du. Gainera, gurasoen taldean giro ona dela azpimarratu du. "Markatu gaitu; badakigu zer nahi dugun eta zer ez. Indartuak atera gara", azaldu du zuzendariak.

Estreinaldia 11:30etan abiatuko da hitzaldia eta ikastolako bisitarekin. Proiektua lagundu duten ikastolak eta eragileak gonbidatu dituzte. Bestan, musika, taloak eta haurrentzako jolasak proposatuko dituzte.