Kazeta

"Nafarroa bateratzea, nola?" mahai ingurua apirilaren 1ean Baigorrin

Nafarroaren Eguna apirilaren 24ean izanen da baina iada data horri begira hainbat ekimen martxan dira. Basaizea elkarteak eta Irulegiko irratiak, apirilaren 1erako, "Nafarroa bateratzea, nola?" lemapean mahai inguru bat antolatu dute Baigorriko Bil Etxean.

Nafarroaren Eguna apirilaren 24ean ospatuko dute Baigorrin.
Nafarroaren Eguna apirilaren 24ean ospatuko dute Baigorrin.

Basaizea Kultur Batasunak eta Irulegiko Irratiak, apirilaren 1erako mahai inguru bat antolatu dute Baigorriko Bil Etxea gelan. "Nafarroa bateratzea, nola?" lemapean, Nafarroa Garaiko eta Baxe Nafarroako hainbat politikari bilduko dituzte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Nafarroaren Egunaren helburua "bi hegietako nafartarrak biltzea" izan da; "mugen gainetik harremanak azkartzea". Urteak pasa ondoren, "bi Nafarroen arteko harreman horiek, elkartruke puntual eta folklorikoetan gelditu dira, sakontzeko aukerarik gabe".

Azken urteetan eremu politikoan izan diren aldaketek harreman horiek azkartzeko aukera eman dute. Kultur arloan ezezik, ekonomia eta sozial arloan ere eragina izan dute. Hau ikusita, arlo guzti horietan egin ahal dena aztertzeko, Basaizeak eta Irulegiko Irratiak hainbat arduradun politiko bilduko dituzte.

Baxenafarroatik, Beñat Arrabit Baigorri-Garazi herri elkargoko lehendakaria (EAJ); Daniel Olzomendi, Izurako auzapeza, Udalbiltzako Lehendakariorde izana (EHBai); eta Alice Leizagezahar, Akitania Eskualdeko kontseilaria (Europa Ekologia Berdeak) izanen dira.

Nafarroa garaitik, Izaskun Goñi, Nafarroako Gobernuko lehendakariordetzako kabineteburua (Geroa Bai);  Adolfo Araiz, Nafarroako Parlamentaria (EHBildu) eta Eduardo Santos, Nafarroako parlamentaria (Ahal dugu).