Kazeta

Hamaika herrik bozkatu dute elkargo bakarraren alde

Herriko Etxeek, Elkargo bakarraren proposamena bozkatzeko maiatza bukaera arteko epea dute. Hauek dira gaur arte aldeko bozka eman duten hamaika herriak: Hendaia, Senpere, Hiriburu, Sara, Behorlegi, Baiona, Maule, Zuraide, Gabadi, Uztaritze eta Ezpeleta. Irulegik, aldiz, kontra bozkatu du.

Baionako hautetsiek martxoaren 24ean bozkatu zuten Heleparen alde. © Isabelle Miquelestorena
Baionako hautetsiek martxoaren 24ean bozkatu zuten Heleparen alde. © Isabelle Miquelestorena

Pasa den udazkenean, Iparraldeko Herriko Etxeetan Elkargo bakarrari buruzko behin behineko bozketan aldeko jarrera nagusitu zen. Orain, behin betiko   bozketaren garaia da eta martxoaren hasieratik, Herriko Etxeetan bozkak izaten ari dira. Orain arte hamaika herrik eman dute bozka eta baiezkoa nagusitu da. Irulegiko herriak kontra bozkatu du: zortzi hautetsi kontra eta hiru alde daude.

Hendaia eta Senpere lehenengoak izan ziren, pasa den martxoaren 22an; ondotik, Hiriburuk, Sarak, Behorlegik, Baionak eta Maulek ere "bai" erran diote prefetaren proposamenari. Azkenak, Zuraide, Gabadi, Uztaritze eta Ezpeleta izan dira.

Baiona eta Maule salbu, herri gehienek Elkargo bakarraren aldeko bozka aho batez eman dute. Baionan, 28 hautetsiek alde bozkatu zuten eta beste 15ek aurka (ikus loturan den artikulua). Maulen berriz, 15ek alde egin dute, eta 5ek aurka.

Biarritzeko hautetsiek, haien erabakia apirilaren 7an adierazi beharko dute. Anartean egitasmoaren alde, Batera plataformak ekitaldiak antolatzen segitzen du. Hauen artean, apirilaren 2an, elkarretaratzeak iragarri dituzte. Goizeko 11.00etan, Baterako kideak Oskaxeko Lepoan, Baionako Espainiako atean, Ziburuko portuan eta Uztaritzeko herriko etxe aiztinean izanen dira.

Orain arteko bozkek, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren ia laurdena ordezkatzen dute, 78.387 biztanletik gora hai zuzen. Oroitu behar da Helep (Herriarteko lankidetzako erakunde publikoa) bakarra onartua izan dadin, bi baldintzak bete behar direla: Ipar Euskal Herriko biztanleen erdia ordezkatzea, hots, 150.000 biztanle ordezkatzen duten herrien bozak biltzea. Beste baldintza, Ipar Euskal Herriko herrien erdiak alde bozkatzea da.