Iurre BIDEGAIN

Luzaide eta Arnegiko ikasleek elkarrekin ikasiko dute

Irailetik aitzina Arnegi eta Luzaideko eskolak batuko dira proiektu aitzindari bati esker. Nahiz eta mementoz Pirinio Atlantikoetako eta Nafarroako Akademia ikuskaritzek hitzarmena ez duten izenpetu, alde guziak adostasun batera ailegatu dira: bi herrietako ikasleek eskuz-eskuz ikasiko dute.

Lehen hezkuntzako ikasleak Arnegira joanen dira astelehen, astearte, ostegun eta ostiral goizetan. ©Iurre Bidegain
Lehen hezkuntzako ikasleak Arnegira joanen dira astelehen, astearte, ostegun eta ostiral goizetan. ©Iurre Bidegain

Zalantzaz jositako proiektua "aitzinatzen" ari zela azaldu zuen Pirinio Atlantikoetako ikuskaria den Pierre Barrièrek aste hasieran. Martxoaren 15ean iragan den bilkurak duda guziak argitu zituen, hala baieztatu du Hezkuntza ministeritzako ikuskaria den Jocelyne Dejouxk. Bi akademia ikuskaritzek ez dute oraindik "hitzarmen fisikoa" izenpetu, baina akordioa lortua da: Luzaide eta Arnegiko ama eskolako ikasleek elkarrekin ikasiko dute.

"Saiaketa bat da eta orain txostena osatu behar dugu errektoretzari bidaltzeko. Estatu frantseseko eta espainiarreko administrazioak, burasoak eta irakasleak proiektuaren alde agertu dira. Egitasmoa heldu den ikasturtetik goiti burutuko da", azaldu du ikuskariak.

Goizero, ama eskolako ikasleek Luzaiden ikasiko dute bi irakasleen laguntzaz; bakoitza ikastetxe batetik etorria. Lehen hezkuntzakoak, berriz, Arnegira joanen dira astelehen, astearte, ostegun eta ostiral arratsaldetan. Bi irakasleek, hor ere ikastetxe bakoitzetik etorritakoek, frantsesezko klaseak emanen dizkiete.

Luzaideko burasoen elkarteko lehendakaria den Pilar Etxeparek mementoz ez dutela programa batu zehaztu du. "Bi eskolako irakasleek elkarrekin ikusi beharko dute, programa baina baita nola banatuko diren ere", erantsi du. Polemika sortu duen erlijio ikasgaiari dagokionez, Arnegiko ikasleek ez dutela klaseetara joan beharko azpimarratu du. Nafarroako Gobernuko ikuskaritza zerbitzuaren zuzendaria den Mikel Fernandezek apirilaren 4ean koordinaketa lanak hasiko dituztela aipatu du.

Hizkuntzen irakaskuntza

"Hurbiltasun geografikoa eta ikastetxeen kulturaren parekotasunak direla eta, proiektuak ikasleen harremana sustatzeko xedea du", azaldu du Nafarroako Gobernuak agiri baten bidez. Halaber, egitasmoari esker ikasleak mailaka banatuko dituzte, gisa horretan, irakasleek maila anitzetako ikasleak gela bakar batean izatea saihestuko dute; "ikasleen irakaskuntza hobetzeko helburuarekin".

Lurraldean hitz egiten diren hizkuntzen irakaskuntzari lehentasuna eman nahi diote, hots, euskara, frantsesa eta gaztelera. Tokiko irakasleei esker luzaidarrek frantsesa ikasten ahalko dute eta bi eskolako gazteek gaztelerazko gaitasuna garatzen joango dira. "Lurraldea dinamizatzeaz gain, instituzioen arteko lankidetzari ateak irekitzen zaizkio; etorkizunean hezkuntzako beste etapa garatzen ahalko lirateke", erantsi du Gobernuak.

Heldu den ikasturtean Luzaideko eskolan hamalau ikasle izatea aurreikusi dute: bost ama eskolakoak eta bederatzi lehen hezkuntzakoak. Arnegiko kasuan, orotara hogeita hiru ikasle daude: bederatzi ama eskolakoak eta hamalau lehen hezkuntzakoak.

Nafarroako Gobernuak aurreikusitako aktibitateak ikastetxeek elkarrekin partekatuko dituzten egunetan iraganen direla zehaztu du, hots, orotara 143 egun izanen dira. "Ziurrenik irailaz geroztik hasiko da, baina beharbada lehenago abiatuko dira trantsizio horri egokitzeko", esplikatu du burasoen elkarteko lehendakariak.