Kazeta

Mila preso ohi baino gehiago euskal presoen etxeratzearen alde

Ehunka preso eta iheslari ohik "Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera" adierazpena aurkeztu zuten martxoaren 13an Usurbilen (Gipuzkoa). Euskal presoen etxeratzearen alde lan egitearen garrantzia azpimarratzeaz gain, apirilaren 17an Bilbon manifestazio bat antolatuko dutela iragarri zuten.

Usurbilen egindako agerraldiaren irudia. (ARGAZKI PRESS)
Usurbilen egindako agerraldiaren irudia. (ARGAZKI PRESS)

"Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera" hitzarmenak mila preso eta iheslari ohi baino gehiagoren sostengua bildu du. Iragan martxoaren 13an 750 preso eta iheslari ohiek sostengua adierazi zieten gaur egun Estatu frantsesean eta espainiarrean preso dauden kasik 400 presoei. Elkartasun hori Usurbilen aurkeztutako egitasmoan bildu dute; mementoz mila euskal preso eta iheslari ohiek bat egin dute eta oraindik kide gehiagok horrekin bat egitea espero dute.

Adierazpena izenpetu dutenek ezker abertzaleak hasi duen bidearekin bat egiten dutela azaldu zuten. "Zutik Euskal Herriak ireki duen bideari gure ekarpen militantea egin nahi diogu", nabarmendu zuten. Gainera, adierazpenean euskal presoek "jasaten duten bortizkeria sistematikoari aurre egiteko borrokaldi eta ahalegin guzietan" haiekin bat eginen dutela nabarmendu zuten.

Halaber, egitasmoa sostengatu dutenek Euskal Preso Politikoen kolektiboari (EPPK) eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari (EIPK) elkartasuna adierazi zieten. Sinatzaileek euskal presoen etxeratzeko EPPKren esku utzi ditu hartu beharreko erabakiak.

Sostengua garatu

Agerraldian euskal gizartearen parte hartzea eta mobilizazioa ezinbestekoa dela azpimarratu zuten; "eraginkortu egin behar" dela azpimarratu zuten. "Euskal presoen etxeratzearen alde eta sakabanaketaren kontra guziz engaiatuko" direla nabarmendu zuten. Ildo horretatik, heldu den apirilaren 17an Bilbon manifestazio bat antolatuko dutela iragarri zuten.

Ehunka dira hitzarmena izenpetu dutenak; Ipar Euskal Herriko Angel Iturbe, Joserra Goñi, Eneko Etxegarai, Josie Bruno, Aitor Mokoroa eta Aberto Aldanak izenpetu dute, besteak beste. Martxan jarri duten webgunean atxikimendu gehiago lortzea espero dute.