Iurre BIDEGAIN

Arnaldo Otegi, itzalean gelditu ez dena itzulerako prest

Sei urte eta erdiko espetxealdia gibelean utzi ondoren, Arnaldo Otegi Logroñoko (Errioxa) kartzelatik aterako da gaur, martxoaren 1ean. Urte hauetan itzali ez den elkartasunaren sugarrak ongietorria eginen dio burdin haga hotzetatik atera orduko. Arratsaldean berriz, ezker abertzalearen ikur bilakatu dena omenduko dute Elgoibarren.

Ongietorria antolatuko diote Logroñoko kartzela atarian eta arratsaldean Elgoibarren.
Ongietorria antolatuko diote Logroñoko kartzela atarian eta arratsaldean Elgoibarren.

Sare sozialetan eta hain segur ere euskal gizarteko herritar anitzen pentsamenduetan orain dela egun batzuk hasitako gibelkako kontua bukaerara ailegatu da. 2009ko urriaren 13an atxilotu zutenetik, Arnaldo Otegik sei urte eta erdiko espetxealdia atzean utziko du gaur. Nahiz eta denboraldi horretan burdin haga artean Euskal Herritik urrun preso izan den, hurbil sentitu dute askok; hala islatu dute agertutako elkartasun ikurretan eta batez ere "Free Otegi, free them all" kanpainan.

Bateragune auziaren harian Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Rafa Diezekin batera atxilotu zuten Otegi 2009an. Lehen hiruak urrian aske gelditu ziren, LABeko idazkari nagusi ohiak, berriz, kartzelan segitzen du. Estatu espainiarreko Audientzia Nazionalak "ETAko kidea" zela leporatu zion Otegiri; "sustatzaile, arduradun eta koordinatzaile" bezala auzipetu zuen. Orotara sei aldiz zigortu dute eta beste espetxealdiekin batuz gero hamalau urte inguru bete ditu kartzelan.

Agindutako zigorra osorik bete ondoren 8719600500 zenbakidun euskal presoa aske geldituko da. Urte hauek ongi erabiltzen jakin izan du Otegik. Bada 35 urte utzitako zuzenbide ikasketak berriz hartzeaz gain, politikarekin harremana izaten segitu du. Itzalean itzulerarako prestatu da; eta New York Times egunkarian iragarri duenez, Euskal autonomia erkidegoko lehendakarigai izateko prestatu da.

Oroitarazi behar da auzitegiaren ebazpenak "kargu eta enplegu publikoetarako inhabilitazio berezia" inposatu ziola. Haatik, bere abokatua den Amaia Izkok iragan urtarrila bukaeran elgoibartarra hauteskundeetara aurkezten ahalko dela iragarri zuen. Zigor epaiak besterik zehaztu ez zuenez, ez lioke hautes zerrendetan aurkezteko parada galaraziko.

Elkartasun zabala

Sei urtez anitz aldatu den Euskal Herrira itzuliko da. Urte hauetan kartzelatik EH Bilduren sorreraz gain, ezker abertzalearen legeztatzea bizi izan du. Arnaldo Otegi "Zutik Euskal Herria" txostenak bideratu zuen estrategia aldaketaren akulatzaileetarik bat izan da, eta bere itzulera ildo berriak irekitako bidea sakontzeko xedea duen "Abian" prozesuaren bete-betean gertatuko da.

Euskal Herriko testuingurua aldatu den arren, hasieratik Otegirekiko dagoen elkartasuna bizirik mantendu da. Iragan urteko martxoan Bruselan aurkeztu zuten "Free Otegi, free them all" kanpainak mundu osotik babesa bildu du. Horien artean, berriki Euskal Herria bisitatu duen Angela Devis, Jose Mujika (Urugaiko preseindente ohia) eta urtarrilean bat egin zuten Estatu espainiarreko 146 eragile daude.

Kartzela atarian ongietorria eginen diote eta arratsaldean Elgoibarren ekitaldi berezi bat antolatuko dute. Halaber, martxoaren 5ean Anoetan ere harrera berezia prestatu diote. Audientzia Nazionalak ekimenak ez debekatzea deliberatu du, hurbiletik zaintzeko agindua eman badu ere. KAZETA.EUSek hiru ekimenak zuzenean emitituko ditu.