Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Claude Labat
Idazlea eta historialaria

"Lazgarria litzateke ihauterietan muga bat jartzen bagenu"

Aurten Donibane Lohizuneko ihauteriak inoiz baino oihartzun gehiago ukan du. Zanpantzarren auzian Marc Aillet apezpikuaren panpina erre zuten eta ekintzarekin batera eztabaidaren sugarra piztu da. Euskal Herriko mitologian aditua den Claude Labatek liskarrari buruzko iritzia plazaratu du.

Claude Lavat, euskal mitologian aditua da.
Claude Lavat, euskal mitologian aditua da.

Donibane Lohizunen otsailaren 20ean iragan zen Zanpantzarren auzian Marc Aillet Baionako apezpikuaren karikatura erre zuten. Geroztik, eztabaida ireki da. Apezpikuaren komunikazio arduraduna den Thibault Luretek sare sozialen bidez marratuak zeuden Daech-eko hilketa batzuen irudiak zabaldu zituen mezu batekin: "umorea". Antolatzaileek aldiz, ekimenari garrantzia kenduz eta kalapita alde batera utziz, apezpikuaren jarrera politikoaren kritika hutsa zela azaldu dute. Claude Labat idazle eta historialariak polemikari buruz duen iritzia azaldu du.

Donibane Lohizuneko ihauterien inguruan sortutako eztabaida zer iruditzen zaizu?

Apezpikuak izan duen erreakzioak ez nau batere harritu. Jakin dudanaren arabera jendeak oso ongi erreakzionatu du; Donibane Lohizuneko auzapezak edo apezak berak ere. Alde batetik, nire ustez oso osasuntsua da, horrek erakutsi duelako ihauteria ulertzen dutela, eta bestetik merezi zuen garrantzia eman diotelako.

Ez da lehen aldia historian horrelako gertakari bat agertzen dela. Ez naiz ongi oroitzen baina Erdi Aroaren bukaeran, liskar bat baino gehiago izan ziren Eliza eta ihauterien artean. Egun batean, katedralean bertan sartu ziren panpina batekin alderantziz jarria zena. Irudi hori apezpikuz jantzia zegoen.

Aurreko urteetan beste pertsonaia motak erre dituzte; Guy Poulou, Peyuco Duhart edo Michèle Alliot-Marie, besteak beste. Zure iritziz zergatik aurten apezpikuaren irudiarekin eztabaida hau sortu da?

Sinpleki nire ustez apezpikuaren inguruan badira pertsona batzuk ihardestera bultzatzen diotenak. Horiek erlijioa erasotua denaren aitzakia erabiltzen dute, edo Estatua ez dela gehiago kristaua diote. Apezpikuaren inguruan sortu den pentsaera bat da; besterik ez.

Apezpikuaren komunikazio arduradunak sare sozialen bidez hedatutako erantzuna zer iruditu zaizu?

Gurutzada bat da; baina mendez tronpatu da.

Zanpantzarren auzia nola definituko zenuke?

Xuxenki Donibane Lohizuneko gazteek egin dutena da. Ohituran, iragan urtean gaizki pasatu dena kritikatzen da. Zanpantzarra erretzen dugu urtearen alde txarra ezabatzeko. Alde batean egon ordez, gizarteak ekimen hori burutzen du bere erresuminak kanporatzeko.

Aitzina joateko eta nolabait alde txarrak gibelean uzteko?

Hori da; argiki. Gaur egun informazio asko jasotzen dugula azpimarratu behar da. Informazioa berak kritika erakartzen du eta horrek informazioa, berriz. Egungo egoera ez da batere Erdi Arokoa, gaur oso informatuak gara. Informazio horrek dimentsio asko hartzen du; normalean bi egunetan itzalia izan beharko luke.

Aldiz, ez da batere horrela. Asteburu honetatik gaia aipatzen delako hedabideetan…

Bai; hala da. Nire ustez gaia sakona delako eta horrek gizartea hunkitu duelako. Jendeak hitz egiteko beharra du eta kasu honetan horretarako aukera ikusi du.

Gaia sakona da edo guhaurek sakona bilakatu dugu?

Nire ustez sakona da; gizartean dagoen arazo garrantzitsua da.

Ihauterietan adierazpen askatasunaren muga non dago?

Ez dago mugarik. Lazgarria litzateke ihauterietan muga bat jartzen bagenu. Haatik, ihauterien jokoa non gelditu jakin behar da, baina hori bera egin dute. Gazteak ihauteriak eta gero hor gelditu dira. Oso ongi hitz egin dute prentsarekin. Ihauteriak bere funtzioa bete du eta kito. Teorikoki ez genuke gehiago horretaz hitz egin beharko.