Kazeta

Lorentxa Guimonen egoera salatzeko itxialdia abiatu du Bagoazek

Bagoaz kolektiboak Lorentxa Guimonen egoera salatzeko itxialdia antolatu du Angeluko plazan otsailaren 22an. Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarraren askatasuna eskatzeko bertan egonen dira otsailaren 25a arte; baldintzapeko askatasunaren eskariaz Dei Gorteak bere ebazpena jakinaraziko duen egunera arte. Eguneroko elgarretaratzeetaz gain, ekimenak prestatuko ditu; gaur, "Barrura begiratzeko leihoak" filma eskainiko du.

Ehun bat pertsona elgarretaratu dira Angelun. ©Isabelle Miquelestorena
Ehun bat pertsona elgarretaratu dira Angelun. ©Isabelle Miquelestorena

Bagoaz kolektiboak aste honetan Lorentxa Guimonen alde hainbat ekimen antolatuko zituela iragarri zuen. Rennesen otsailaren 20ean iragan zen manifestazioa eta gero, lehen hitzordua otsailaren 22rako finkatu zuen Angeluko herriko etxearen aitzinean. Elgarretaratze bat prestatua zuen, baina azkenean "mobilizazioa indartzeko" xedez itxialdi bat antolatu du. Ehun bat pertsonek elkarretaratzean parte hartu zuten eta gauean beste hainbat lagunek prestatutako gunean gaua iragan dute. Claude Olive Angeluko auzapeza ere eremura hurbildu da. Gisa berean, sare sozialen bidez EH Bai alderdiak eta Aitzina mugimenduak protestarekin bat egin dute.


Otsailaren 25era arte,  Dei Gorteak angeluarraren baldintzapeko askatasunaren eskariaz bere ebazpena jakinaraziko duen egunera arte, parte hartzaileak Angeluko plazan egonen dira.  Oihal etxe handiak instalatu dituzte herriko etxearen aitzinean. Gunean, Lorentxa Guimoni eta gaixorik dauden presoei buruzko informazioa eskainiko dute.

"Ekimen honekin espero dugu oraindik jende edo eragile gehiago interpelatzea. Toki ireki bat antolatu nahi dugu, denei zabalik dena, parte-hartzailea, eta eztabaidarako aproposa", azaldu du Bagoazek. Otsailaren 22ko gaua bertan pasatu dute hainbat lagunek eta euskal presoen eskubideen aldeko kolektiboak aipatu duenez, han segituko dute. "Hemen elkartuko gara eragile, elkarte edo norbanakoekin", erantsi du.

Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarraren egoera salatzeko helburua duen itxialdian hainbat ekimen antolatuko ditu. Egunero arratsaldeko 18.30etan elkarretaratzea burutuko du; ostegunean izan ezik, elkarretarazte 17.30etan iraganen baita. Otsailaren 23an elkarretaratzearen ondoren, "Barrura begiratzeko leihoak" filma ikusgai izanen da. Biharamunean, "Bake prozesua eta preso eta iheslarien itzultzea" lemapean hitzaldi bat proposatuko du, Bake Bidea eta kolektiboko kideen parte hartzearekin. Bagoazek itxialdira hurbiltzeko gonbidapena luzatu du Angelutik.

Oroitarazi behar da abenduan epaileek baldintzapeko askatasuna onartu ondoren, prokuradoreak helegitea aurkeztu zuela. Bagoazen iritziz «erabaki politiko bat da argiki». "Frantses estatuaren jarrera salatu nahi dugu, argiki espainiar estaturen bidea segitzen ari delako, eta ondorioz bake prozesua blokeatzen duelako", zehaztu du. Bagoazen ustez, Guimon eta Ibon Fernandez Iradiren kasuak egoera horren ispiluak dira. Halaber, kolektiboak "kezkatua eta haserre" dela aitortu du; "Frantses estatuak ukatzen dielako ongi artatuak izateko eskubidea".