Iurre BIDEGAIN

Sylviane Alaux diputatuak bake prozesuaren gaia Asanblada Nazionalera eraman du

Otsailaren 17an Paul Molac Bretainiako diputatuarekin batera Lorentxa Guimon bisitatu ondoren, Sylviane Alaux diputatu sozialistak bake prozesuaren gaia frantses Asanblada Nazionalera eraman du. Otsailaren 18ko saioan, bake prozesuarekiko duen jarrera definitu dezan eskatu dio Gobernu frantsesari.

Sylviane Alaux diputatu sozialistak eta Paul Molac Bretainiakoak Lorentxa Guimon bisitatu zuten otsailaren 17an Rennesen. Bisita ondoren angeluarraren osasun egoerarekin "oso kezkatuak" zirela aitortu zuten. Biharamunean, Ipar Euskal Herriko parlamentariak bake prozesuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Asanblada Nazionalean eta galdera bat pausatu dio gobernuaren ordezkariari.

Parisen iragan den saioan Sylviane Alaux-k bake prozesuaren gaia mahaigaineratu du. Hitza hartzean ekainaren 11n Parisen iragan zen Konferentzia Humanitarioa oroitarazi du. "Ekimenean preso ohiak eta baita biktimak ere elkarrekin hitz egin zuten; denek batera bake prozesua burutzeko garrantzia azpimarratu zuten", esplikatu du. Konferentziak "euskal presoen hurbilketa" eta "beren kondenak berriz aztertzea" beharrezkoa dela gaineratu zuela erantsi du; "elementu ezinbestekoak bake prozesu hori lortzeko".

Horrez gain, Euskal Herriak bake prozesua eraikitzeko borondatea duela nabarmendu du; "baina horrek Estatuen parte hartzerik gabe aitzinatzeko aukerarik ez duela" aipatu du. "Eskatzen dut Gobernuak zehaztu dezan zein den bere jarrera bake prozesuarekiko", azpimarratu du diputatu sozialistak.

"Desegin eta armak itzuli"

Barne Ministroak ez duenez saioan parte hartu, Lan eta Formakuntza profesionalen Ministroaren idazkaria den Clotilde Valterrek erantzun dio. Azken horrek Parisko deklarazioak lau puntu dituela oroitarazi du; horietako batean Gobernuaren inplikazioa eskatu zuela azpimarratu du.

"Gobernuaren jarrera iraunkorra da", ohartarazi du idazkariak. "ETAk desegitea eta armak itzultzea bake prozesua zehazteko ezinbesteko baldintzak dira. Desegitea bere gain hartu behar du", esplikatu du. Bere iritziz, horrek borroka armatua uztearen desmartxa egiazkoa dela frogatuko luke. Presoen hurbilketaren eskakizunari dagokionez, Valterrek "ekintza terroristengatik kondenatutako presoak" direla oroitarazi dio.

Sylviane Alaux-k Ministroaren bozeramaileari erantzun dio: "bilkura bat beharrezkoa da; denak mahai baten inguruan jarri behar dira ETAk armak nola itzultzen ahal dituen aztertzeko eta baita presoei buruz erabakiak hartzeko ere".

Bukatzeko, diputatuak giza eskubideen politika euskal presoei ere aplikagarria dela nabarmendu du. "Euskal gizarteak Parisko eta Madrileko Gobernuak mugitzea eskatzen du. Inplikazio horrek euskal gizarteak bortizkeriari bizkarra ematea ahalbidetuko du", erantsi du.