Iurre BIDEGAIN

Egurrari esker berotuko da Baionako erietxea

Baionako ospitaleak egurrari esker ibiliko den berogailua estreinatu du otsailaren 11n. Ingurumenaren alde eta ekonomiak egiteko balio duen egitasmoa erietxeak burutzen dituen neurri ekologikoen zerrendan gehitu da. Etorkizunerako, zuzendaritzak garapen iraunkorrerako batzorde bat sortzeko nahia du.

Apiriletik martxan dagoen berogailuak bi MWeko indarra sortzen du.
Apiriletik martxan dagoen berogailuak bi MWeko indarra sortzen du.

Baiona-Euskal Kostaldeko erietxeak urrats berri bat egin du ingurumenaren alde. Apirilaren batetik martxan dagoen egur berogailua estreinatu zuten otsailaren 11n. Sistema berri honek berogailua eta ura berotzeko ospitaleak dituen beharren %85a asetzen du. Erietxeak hainbat neurri plantan eman ditu trantsizio energetikoaren alde; etorkizunerako, beste hainbat neurri ekologiko aurreikusi ditu.

Bost hilabetez Dalkia enpresak egurrez hornitzen den berogailua proposatu, eraiki eta martxan jarri du. Tresnak 2 MWeko indarra sortzen du; berriz erabili daiteke eta tokiko materialari esker ekoizten da. "Proiektu hori ez da ustekabeko zerbait izan, trantsizio energetikoaren aldeko pario bat da", azaldu du erietxean garapen iraunkorraz arduratzen den Mostafa Lassikek.

Berogailua martxan jartzeko ehun kilometro bitartera dagoen egurra erabiliko du. "Horrentzako materiala eskuratzea errazago da, munduko beste puntan dagoen petrolioa erostea baino. Tokiko garapena sustatzen dugu eta aldi berean dirua aurrezten dugu", gehitu du. Urtero 3.000 egur tona beharrezkoak izanen dira berogailuaren funtzioa ziurtatzeko: egurrezko plakak eta berreskuratutako egurrak, besteak beste.

Halaber, sistema berri honi esker urtero CO2ko 2.400 tona ez botatzea ahalbidetzen dugu. Arduradunak esplikatu duenez, "zenbaki hori 2.000 autok urtero botatzen duten gas kopurua da".

Finantzamenduari dagokionez, Dalkia enpresak 2,7 milioi euroak bere gain hartu ditu eta ADEME egiturak ere ekonomikoki sostengatuko du. "Erietxeak errendimendu energetikoari buruzko hitzarmen bat izenpetu du. Ingurumenaren alde hartutako engaiamenduak islatzen dituen hitzarmenak hamasei urteko iraupena du", aipatu du Lassikek.

Batzorde baten sorrera


Garapen iraunkorraren arduradunak aspalditik erietxeak ingurumenaren alde jotzen duela nabarmendu du. Hondakinak murrizteko eta balio berri bat emateko sistemak erabiltzen dituzte; adibidez, paperen sailkapenari esker urtero 145 tona berreskuratzen dituzte.

Gaur egun, ostalaritzako hondakina birziklatzea pentsatzen ari dira. "Baiona-Euskal Kostaldeko erietxeko zuzendariak garapen iraunkorrerako batzorde bat sortzeko nahia du. Horrek ekintza anitzak burutuko lituzke; bai ekonomikoki onuragarriak liratekeenak, baita ingurumenaren aldekoak ere", azpimarratu du.