Kazeta

Neurozientzietatik zapalkuntza hausnartzeko solasaldia Donapaulen

Otsailaren 11an, ostegun arratsez, neurozientzietako doktore den Naroa Anabidartek burutzen ari den ikerketa bati buruz hitz eginen du Donapaulen. Zabalik elkarte amikuztarrak antolatutako Otsail Ostegunen bigarren saioa da hau.

Aurten 20 urte beteko dira Amikuzeko Zabalik elkarteak Otsail ostegunak antolatzen dituela. © D. R.
Aurten 20 urte beteko dira Amikuzeko Zabalik elkarteak Otsail ostegunak antolatzen dituela. © D. R.

Otsailaren 11an, Otsail ostegunetako bigarren emanaldia antolatzen du Amikuzeko Zabalik elkarteak. Arratseko 8:30etan, neuro zientzietan doktore den Naroa Anabidarte Donapauleko Xerbitxugunearen izanen da hizlari. Mementu huntan, ikerlaria herriek bizi duten goitibeheitietan burumuinek izaten duten bilakaera aztertzen ari da.

Kimika eta biologiatik abiaturiko ikerketak talde azpiratuek jasaten dituzten duintasun ukazioez hitz egitera eramanen du. “Gure ustea da, bizi duguna ulertzeak, luneta parea aldatzen lagunduko digula, eta araiz, bestela pentsatu eta egiteko lokia emanen” zehazten dute Zabalik elkarteko kideek, emanaldiaren karietara eginiko aurkezpenean.

Iragan ostegunean, Amikuzeko euskararen berezitasunei buruz izan zen solasaldia, Iñaki Caminorekin. Otsailaren 18an, berriz, Katixa Dolhare eta Bea Salaberri idazleek beren lanen nondik-norakoak aurkeztuko dituzte. Hilabeteko azken ostegunean aldiz, Txerra Rodriguezek argitaratu berri duen “sutondoko kontuak” liburua presentatuko du. Azken honek hizkuntzaren kontu domestikoei buruz hausnarketa bultzatzeko parada eskainiko du.

Historiatik, zientziatik, literaturatik… euskararen inguruko hausnarketak dituzte xede Otsail ostegunetako solasaldi hauek. Aurten 20. urtea da Zabalik elkarteak otsaileko ostegun guziz hitzaldiak antolatzen dituena.