Kazeta

Bil ta Garbik "hondakinik eta xahutzerik gabeko lurraldea" lortu nahi du

Garapen iraunkorra, Energia eta Ekonomia Ministeritzak "hondakinik eta xahutzerik gabeko lurraldea" labela eman dio Bil ta Garbiri. Sindikatuak mobilizatzeko deia luzatu die eragileei, finkatutako helburuak lortzeko xedez. Gogoetatzeko eta ideiak trukatzeko egun berezi bat antolatuko duela iragarri du.

Martine Bisauta eta Antoine Bonsh Bil Ta Garbik eskainitako agerraldian. © Isabelle Miquelestorena
Martine Bisauta eta Antoine Bonsh Bil Ta Garbik eskainitako agerraldian. © Isabelle Miquelestorena

Iragan azaroan, Energia eta Ekonomia Ministeritzak "hondakinik eta xahutzerik gabeko lurraldea" labela eskaini zien hogeita bat erakunderi. Azken horiek burututako edo abiatutako ekimenak islatzen zituzten proiektuak aurkeztu zituzten. Guziek helburu berdinarekin osatuak: hondakinen kudeaketa eta gutitzearen aldeko politika bat aitzina eramatea; ekonomia zirkularraren dinamikan.

Aitorpena lortu dutenen artean Bil ta Garbi sindikatua atzematen da; ipar Euskal Herriko eta Landesetako eta Biarnoko zati batetako hondakinen kudeaketaz arduratzen da. Hala iragarri zuen otsailaren 10ean sindikatuko lehendakaria den Martine Bisautak, Vincent Bru hondakinen gutitze saileko lehendakariordea eta ADEME egiturako eskualdeko ordezkaria den Antoine Bonschekin batera.

"Hondakinik eta xahutzerik gabeko lurraldea, garapen iraunkorraren alde lanean ari diren lekuko eragileendako santza bat da", azaldu zuen Bisautak. Garapen iraunkorrarekin engaiatuak diren eragile instituzional eta tokikoei "mobilizatzeko" deia luzatu zien, orain arte dagoen kolaborazioa sakondua izateko xedez.

Horren helburua Ipar Euskal Herria "hondakinik eta xahutzerik gabeko lurraldea" bilakatzea da. Herri elkargoak, Garapen eta Hautetsien kontseiluak eta elkarteak elkartuz, sindikatuak gidaritza hartu nahi du lurraldean jokabide berriak martxan jartzeko.

Batzordeak urtero

Sindikatuek eta kideek bost urte ukanen dituzte hondakinik gabeko eremua lortzeko. Agerraldian kontatu zutenez, maiatza bukaeran aktore guziekin batzorde bat antolatuko du landu beharreko arloak definitzeko. Hots, janarien behar gabeko xahutzea, birziklatuak diren materialen erabilpena eta hondakinen sailkapena, besteak beste.

Gisa horretako ekimenak urtean behin prestatuko ditu, batez ere bilana egiteko eta etorkizuneko programa denen artean adosteko. ADEME erakundeak finantziamenduan lagunduko luke, lanpostuak sortuz eta laguntza ekonomiko eskainiz.