Justine GIRAUDEL

Eskola Karta berriaren aurreikuspenek herritarren haserrea piztu du

Akademia ikuskaritzak heldu den ikasturterako aurreikusi duen Eskola Kartak herritarren haserrea piztu eta erabakiaren kontrako protestak eragin ditu. Barkoxen, Baionan eta Larrainen haurrak, burasoak eta hautetsiak mobilizatu dira beren eskolen etorkizunaren alde.

Larraineko eskolan murriztu nahi duten postu erdiaren kontra mobilizatu dira.
Larraineko eskolan murriztu nahi duten postu erdiaren kontra mobilizatu dira.

Pierre Barrièrre Akademia ikuskariak heldu den ikasturtean departamenduan hemeretzi gela hestea aurreikusi du. Burasoek, herritarrek eta haurrek zezena adarretik hartzea erabaki dute eta beren kontrako iritzia ozen entzunarazi dute. Hots, eskola okupatzeak egin dituzte, esaterako, Bardozen, Bastidan, Ahurtin, eta Baionako Jules Ferry eskolan. Otsailaren 10ean, asteazkenarekin, Eskola Karta berria ofiziala eginen dute Pauen.

Barkoxeko eskolan Barrièrrek irailaz geroztik euskarazko postu erdi bat eta frantsesezko beste postu erdi bat murriztea aurreikusi du. Bigarren gela desagertzearekin ikasle gazteenak ez dira eskolatuak izanen eta horrek buraso eta hautetsien arrangurak eragin ditu. "Zuzendariak lau urte baino gutiagoko haurrak eskolan izatea debekatuko digu", azaldu dute.

Beste kasu batzuetan bezala, Barkoxekoa beste eskola batekin elkartzeko mehatxua dago. Burasoen ordezkaria den Maddalen Lurorek aipatu duenez bateratzearen proiektua buruan dute, "baina denbora behar da dena antolatzeko". "Segurtatu behar dute herrian bederen eskola bat mantenduko dutela", nabarmendu du.

Gaur egun, 21 ikasle daude eskolan eta herriko demografiaren aurreikuspenen arabera 2017an beste bostek izena emanen dute. Gisa berean, 2018an bost ikasle gehiago izanen dira; ikasle bakarrak eskola utziko duelarik.

Arazoari aurre egiteko bi egunez eskola husteaz gain, otsailaren 8an dendariek beren dendak goizez itxi egin zituzten, traktore martxa bat izan zen, eta ordezkaritza bat, tartean auzapeza bera, Oloroeraino joan zen ikuskariari beren kezken berri zuzenean emateko. Hortaz, Pierre Barrièrre hautetsi eta burasoen ordezkariarekin bildu zen 17.30etan. Gisa berean, argumentuak azaltzeko gisan ordezkaritza bat suprefetarekin elkartu da otsailaren 9an.

Larrainen ere mobilizatuak

Larraineko herrian ere ikuskariak egin dituen aurreikuspenen kontra mobilizatu dira, euskarazko postu erdi bat murriztu nahi baitu. Gaur egun 25 ikasle dituen eskolako burasoek beren haurrak euskaraz ikastea nahi dute. Gainera, iragan urtean egoitza berritzeko inbestizamendua egin zutela oroitarazi dute. Otsailaren 9an Pauera joan dira ikuskariarekin elkartzeko xedearekin.