Iurre BIDEGAIN

Hartzaro festibala, hogei urte ihauterien kultura garatzen

Uztaritzeko Hartzaro festibalak hogeigarren urtemuga ospatuko du aurten. Ohitura eta tradizioa nahasten dituen ekimena otsailaren 3tik 9ra iraganen da. Artista profesionalek eta amaturrek eszenatokia partekatuko dute ihauterien kultura transmititzeko xedez.

Hartzaro festibala otsailaren 3tik 9ra iraganen da Uztaritzen.
Hartzaro festibala otsailaren 3tik 9ra iraganen da Uztaritzen.

Tradizioa, sorkuntza, transmisioa, garapena, karrikako arteak, publiko guziei zuzendutako ikusgarriak. Horiek orok bat eginen dute otsailaren 3tik 9ra Uztaritzen iraganen den Hartzaro festibalean. Herri Soinuk antolatzen duen ekimenak hogeigarren urtemuga ospatuko du aurten eta horren karietara programa inoiz baino berezia eta zabalagoa izanen da.

Herri Soinuko kidea den Pierre Hairak kontatzen duenez, hasieran Uztaritzeko patroi sainduaren omenez ekimen bat antolatu zuten. Beranduago, kontra zeuden iritziak entzun gabe "astearte gizena" antolatzea erabaki zuten. "Hartzaro festibalak ihauterien kultura eta tradizioa berreskuratu nahi du, belaunaldi berriei transmititzeko eta urtetik urtera garatzeko. Hasieratik pario hori lortzeko lan egin dugu", azaldu du kideak.

Hain zuzen ere, ohitura horren barnean dauden elementu asko mantendu dituzten arren, mitologiaren beste ikur batzuk sortu dituztela aipatu du. "Elkartea dinamikoa da eta ez da geldirik egoten; gure helburuetako bat etengabe garatzea da", gehitu du. Hots, horren adibide argia lau urte berreskuratu zuten "ostegun gizena" da.

Gisa berean, "Tutak" karrikako ikusgarria etengabe garatzen den ohitura horren ispilua da. "Urtero parte hartzaileekin biltzen gara bilan bat egiteko eta hobetzen ahal diren aldeak zehazteko. Ikusgarriak Uztaritzeko herriaren ondarea aberasteko helburua du", azaldu du Hairak.

Hogei urte hauetan Hartzaro festibala arrakasta handiko ospakizuna bilakatu da. Arrakasta horren giltza zein litzatekeen galdegitean, elkarteko kideak "nehor baztertu gabe lan egin behar dela" nabarmendu du. "Uztaritzeko eta inguruko errealitatea kontutan hartu behar da eta garatzen ikasi behar da. Taldeko lanak garrantzia handia du", erantsi du.

Musika eta dantza

Otsailaren 3tik 9ra iraganen den ekimen bakoitzak tematika ezberdinak segituko ditu. Asteazkenean prestatuko duten idekitze ofizialaren ondotik, "ostegun gizena" prestatuko du. Otsailaren 5ean musika garaikidea eszenatokian egonen da Zeze eta Xutik taldeen kontzertuekin. Altxatu taldeak, berriz, gaztetxean joko du.

Larunbatean, dantza ikusgarriak garaile izanen dira. Olaeta, Aukeran eta Haatik taldeek emanaldiak eskainiko dituzte, besteak beste. Donostiatik etorritako azken horrek, Euskal Herrira itzuli nahi duen etorkin baten istorioa kontatuko du bere azken ikusgarriaren bidez. Otsailaren 7an, ohituraren eguna izanen da. Kaskarotak karriketan gaindi ikusten ahalko dira, Saltoka taldeak mutxikoak alaituko ditu eta eguerdian txilindron lehiaketa prestatuko du.

"Astearte gizenean" antolatzaileak azaldu duenez, 250 artista inguruk, amaturrek eta profesionalek, Zanpantzarren auzian parte hartuko dute. "Hartzarok artista adituen ikusgarriak proposatzeaz gain, toki bat eskaini nahi die hasten direnei", esplikatu du Pierre Hairak.