Kazeta

Lorentxa Guimonen aldeko manifestazioa antolatuko dute otsailaren 20ean Rennesen

Bagoaz kolektiboak urtarrilaren 9ko manifestazioaren bilana egiteaz gain, Crohn eritasuna pairatzen duen Lorentxa Guimonen askatasunaren garrantzia azpimarratu du. Larriki gaixorik dagoen angeluarra askatu behar dela aldarrikatzeko manifestazioa antolatuko dute otsailaren 20ean Rennesen, Guimon preso dagoen herrian.

Bagoazek otsailaren 24ean Angeluko herriko etxean elkarretaratze bat antolatuko duela iragarri du. ©Isabelle Miquelestorena
Bagoazek otsailaren 24ean Angeluko herriko etxean elkarretaratze bat antolatuko duela iragarri du. ©Isabelle Miquelestorena

Bagoaz kolektiboak prentsaurreko bat eskaini du urtarrilaren 28an Baionan. Urtarrilaren 9an Baionan egin zen manifestazioaren bilana azalteaz gain, Lorentxa Guimonen egoera oroitarazi du. Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarraren egoera okertu da azken bi hilabeteetan eta kolektiboaren iritziz egoerak aterabide bakarra du: "Lorentxaren askatzea". Otsailaren 20ean Rennesen manifestazio bat antolatuko du Bretainiako sostengu taldearekin batera.

"Urtarrilaren 9an gure apustua erreusitu dugu", azaldu du Bagoazek. Bere iritziz, arrakastaren giltza burutu duten kanpaina izan da: bilkurak, afixak, prentsaurrekoak eta herrietan antolatu diren dinamikak, besteak beste. "Jende andana baten inplikazioa lortu da, baita antolakunde, hautetsi eta sindikatu ezberdinena", gehitu du.

Bagoaz eta Sareren elkarlanari esker Baionan eta Bilbon arrakastatsuak izan diren mobilizazioak antolatu dituzte. Bi manifestazioen garrantzia azpimarratu dute frantziako eta espainiako Estatuek "ber politika errepresiboa erabiltzen" dutelako. "Frantziako gobernamendua ezkerrekoa dela dio baina euskal presoen eskubideak urratzen ditu behin eta berriz bere lege propioak ez dituelarik aplikatzen", gehitu du.

Elkarretaratzea eta manifestazioa

Manifestazioan gaixorik dauden presoen askatasunaren garrantzia azpimarratu zuten; Lorentxa Guimonena batez ere. Oroitarazi behar da abenduaren 24ean epaileek baldintzapeko askatasuna onartu ondoren prokuradoreak helegitea aurkeztu zuela. Heldu den otsailaren 25ean erabakia jakinaraziko dute. Bagoazek otsailaren 24an Angeluko herriko etxean elkarretaratze bat antolatuko duela iragarri du.

Azken hilabete hauetan angeluarraren egoera okertu dela azpimarratu du. "Euskal presoen kontrako mendeku politikoa salatu nahi dugu, agerian da partikularki Lorentxaren kasuan", esplikatu du. Ildo horretatik, Bretainian sortu den sostengu komitearekin batera otsailaren 20ean manifestazio bat antolatuko dute Rennesen; Guimon preso dagoen herrian.

Ekimenarentzat autobusak antolatuko dituzte Euskal Herritik; otsailaren 19an 23.30etan abiatuko dira. Bagoazek xehetasunak emanen dituela azaldu du eta webgunean izenak ematen ahal direla zehaztu du.