Kazeta

Bandintzapeko askatasuna ukatu diote Lorentxa Beyrieri

Pariseko dei auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak bere baldintzapeko askatasuna ukatu ondoren, helegitea aurkeztu zuen Lorentxa Beyriek. Urtarrilaren 28an iragan den auzian epaileak helegitea ukatzea erabaki du, ondorioz, preso kanboarrak kartzelan segitu beharko du.

 

Lorentxa Beyrieren alde egindako ekimena Kanbon. ©Isabelle Miquelestorena
Lorentxa Beyrieren alde egindako ekimena Kanbon. ©Isabelle Miquelestorena

Iragan irailaren 2an baldintzapeko askatasunaren bigarren eskaera ukatu zioten Lorentxa Beyrieri. Erabaki horren kontra jarritako helegitea aztertu dute urtarrilaren 28an, ostegunean, iragan den auzian Pariseko Zigor Aplikazioen Epaitegien Ganberan. Bere abokatua den Maritxu Paulus Basurcok epaileak eskaera ukatu duela adierazi du. Helegitea atzera botatzeko argudioak ez dira bihar arratsera arte ezagutuko.

Bada hamalau urte Lorentxa Beyrie preso dagoela, ETArekin lotuak diren gertakari batzuengatik. 2013an baldintzapeko askatasunaren lehen eskaera egin zuen eta plazaratu berri den erabakia bigarren eskaerari lotua da. Egin zuenean, Pariseko Zigor Aplikazioen Epaitegien Ganberak ukatu zion, nahiz eta "proiektu on bat aurkeztu" zuela eta "legez baldintzak betetzen" zituela onartu. Bere abokatuak garai hartan "legeak aurreikusten ez duen beste baldintza bat gehitu" ziotela azaldu zuen: "bere militantziari uko egitea".