Iurre BIDEGAIN

Info7 irratiak hamargarren urtemuga ospatu du, zorionak!

2006ko urtarrilaren 27an Info7 irratiak lehen emankizuna plazaratu zuen Internet bidez eta gaur egun etorkizunari begira FMera salto egiteko xedea du. "Entzutekoa da, kontatzeko gaude" lelopean, urte osoan hainbat ekimen antolatuko ditu komunikabidearen sarea osatzen duten guziekin ibilibide oparoa ospatzeko.

Irratiak urte osoan ekimen asko prestatuko dute hamargarren urtemuga ospatzeko. ©Isabelle Miquelestorena
Irratiak urte osoan ekimen asko prestatuko dute hamargarren urtemuga ospatzeko. ©Isabelle Miquelestorena

Hamargarren urtemuga ospatu du urtarrilaren 27an Info7 irratiak. Atzera begiratzeko mementoa da, baina batez ere "etorkizuneko irratia" dela nabarmendu du irratia sostengatzen duen Aztibegia elkarteko lehendakaria eta kazetaria den Eider Olazarrek. Informazioa kontsumitzeko ereduen aldaketa, krisi ekonomikoak eta teknologia berrien garapenak irudikatzen dituzten oztopoak gainditu ditu. Proiektu herritarrak urtean zehar ibilbide oparoa ospatuko du eta horretarako, "Entzutekoa da, kontatzeko gaude" lelopean hainbat ekimen prestatuko ditu. 

Urruñan kokatua den Info7 irratiak bere ibilbidea Internet bidez hasi zuen eta geroztik Euskal Herriko hiriburu nagusietan FM bidez entzutea lortu du. "Aurrera begira pixkanaka FMera saltoak eman nahiko genituzke. Gaur egun legez kanpoko egoeran gaude, beste irratien gehiengoaren, gisara. Frekuentziak gutiren artean banatuak dira; bai Estatu Espainiarrean baita frantsesean ere. Banaketa hori anitza izatea gure aldarrikapenetariko bat da", azaldu du Olazarrek.

2012an Eusko Jaularitzak lizentziak lortzeko lehiaketa antolatu zuen, jakinik 1982tik ez zuela egiten. "Aurkeztu ginen eta hainbat lizentzia lortu genituen, baina azken mementoan lehiaketa bertan behera utzi zuen", esplikatu du. Komunikabideak helegitea aurkeztea erabaki zuen eta Euskadiko Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion. Eusko Jaularitzak helegite berri bat aurkeztu zuen eta erabakiaren esperoan dela aipatu du kazetariak. "Espero dugu arrazoia emanen digula, horri esker salto berri bat ematen ahalko genukeelako", erran du.

Gisa berean, Ipar Euskal Herrian entzunak izatea Info7 irratiaren erronken artean dago. Kazetariak esplikatu duenez, "litekeena da laster Bidasoan emisioa martxan jartzea eta horrek aurrera egiten balu Lapurdiko kostaldean ere irratia entzuten ahalko litzateke". Nahiz eta saiakerak egin, mementoz Info7-k ez du fruiturik lortu; "lanean segituko dugu", ziurtatu du.

Ospakizun berezia

Hamargarren urtemuga ospatzeko urte osoan ekimen bereziak antolatuko ditu. Hain zuzen ere, Kalegorrian saioa herriz herri ibiliko da udaberrian. Horrez gain, kantu bat eta uda aldera iraganen den besta bat prestatzen ari dira irratiko sustatzaileak; "ondoko hilabeteetan xehetasunak emango" ditu.

"Hamar urte hauetan irratiari esker lagunak egin ditugu. Ez da lanbide huts bat, zerbait gehiago da", aitortu du Eider Olazarrek. Arrakastaren giltza Info7 irratia osatzen duen laguntzaile sarearen engaiamendua dela uste du. "Lan asko suposatzen du baina poztasuna handia da eta horrek pertsonalki esanahi handia hartu du", gehitu du.

Ehunka kolaboratzailek, 2.000tik gora bazkidek, laguntzaileek eta entzuleek Info7 irratiaren komunitatea osatzen dute eta batez ere beren engaiamenduak egunero uhinetan egotea ahalbidetzen du. "Haiekin ospatu nahiko genuke eta horiek ere zoriondu nahi ditugu", azpimarratu du kazetariak.