Iurre BIDEGAIN

Mugarriak ere mugi daitezkeela frogatu dute milaka lagunek Baionan

Arratsaldeko 17.00etan abiatu da manifestazioa, baina eguerditik parte hartzaile andana bat hurbildu da Baionara. Bukaerako hitz hartzean hizlariek Estatu frantsesa eta espainiarraren inplikazioa eskatu dute: "denon artean indar eginez mugituko dugu harri pisua!". Orotara 8.000 pertsonek dispertsioaren bukaera exijitu dute.

8.000 pertsonek dispertsioaren bukaera exijitu dute Baionan. ©Isabelle Miquelestorena
8.000 pertsonek dispertsioaren bukaera exijitu dute Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Bagoaz eta Sarek abisatua zuten: "urtarrilaren 9koa manifestazio bat baino gehiago izanen da". Eta hala izan da. Arratsaldeko 17.00etan finkatu zuten hitzordua, baina eguerditik Baiona Tipiko karrikak euskal presoen aldeko aldarrikapenez josi dira. Tenorea baino lehen, Ipar Euskal Herriko sindikatu, elkarte, eragile politiko eta herritarrak, Laugara hurbildu dira giza eskubideen aldeko neurriak eskatzeko. Orotara 8.000 lagun bildu dira.

Euskal presoen senideak kartzeletara eramatea arduratzen den Mirentxin elkarteko kamioiek mobilizazioa ireki dute eta haien gibeletik ehunka senide, preso ohi eta iheslari agertu dira. Ondotik, Ipar Euskal Herriko eragileek preso ohiekin eta senideekin batera banderola atxiki dute. Denek eskutik harturik mezu bera fermuki erakutsi dute: "Euskal Presoak Euskal Herrira, giza eskubideen defentsa, gatazkaren konponbidea eta bakea".

Jokin Aranalde preso ohia, Alice Leiciagueçahar kontseilaria, Jean-René Etchegaray Baionako auzapeza, Sylviane Alaux diputatua eta Jeanine Beyriek, Lorentxa Beyrieren amak, banderola eraman dutenen artean ziren.

Colette Capdevielle diputatu sozialistak "bake prozesua egunero eraikitzen" dela erran du. "Gaur hemen gaude presoen hurbilketa aldarrikatzeko. Christiane Taubirak Justizia Ministroak gaia kontutan hartzen du, baina oso zaila da bi Estatu inplikatuak direlako eta egoera blokeatua dagoelako", gehitu du.

19.00ak aldera hiru kilometroko ibilbidea Roland Barthes zelaigunean bukatu da. Hitza hartu bezain laster Baionako lan auzitegiko lehendakaria den Jeronimo Prietok dispertsioak eragiten duen "sufrikario bidegabea" oroitarazi du. Gainera, ETAk duela lau urte armak erabiltzeari utzi zuela azpimarratu du.

"Geroztik Estatu frantsesa eta espainiarra beti bezain krudelak dira", gehitu du Anne-Marie Michaudek Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Babes Elkarteko kideak. Halaber, bake prozesua martxan dagoela nabarmendu dute, baina bakarrik "aldebakarrekoa" dela ohartaraziz. "Estatuek, errepresioaren bidez, dena egiten dute prozesua blokeatzeko", gehitu du Michaudek.

"Aski da!"

Hizlariek François Hollande presidente frantsesari zuzendu dizkiote aldarrikapenak: "onartezina da Ibon Fernandez Iradi, Lorentxa Guimon eta larriki dauden beste presoak oraindik kartzelan izatea. Ezin onartuzkoa da baldintzapeko askatasunak eskuratzen ahal dituzten presoak oraindik kartzelan egotea".

Antolatzaileek mobilizatzeko deia luzatu diote gizarteari: "stop! Aski da! Gaitzituak gara eta oso haserre!". "Gaixo dauden presoen askatasuna eta baldintzapeko askatasuna eskuratzen ahal duten presoen libertatea nahi dugu. Euskal preso guzien etxeratzea nahi dugu", azaldu du kideak. Guzia lortu arte mobilizatzen segituko direla iragarri dute.

Hain zuzen ere, Lorentxa Beyrieren ama den Jeanine Beyrieren ustez, larriki gaixo dauden presoak ez libratzeko "haitzaki hutsak" erabiltzen dituzte. "Tortura mota berri bat aplikatzen dute. Ez dira gure presoak, Euskal Herriaren presoak dira. Denon ardura da", azaldu du.

"Bultza dezagun denok, mugi daitezen harriak!" ozen erran du Prietok bukaerako hitzaldian. Ondotik, Xiberoots taldeak eskainirik, Didier Agerre presoak idatzitako kantua entzun da Baiona erdigunean. 19.00etatik aitzina 2Zio eta Joseba B Lenoir Gang taldeek kontzertuak eskaintzekoa zuten Xaho kaian.