Kazeta

Indar metaketa Bilbon dispertsioarekin bukatzeko

Bilboko manifestazioa ordu erdiko berantarekin hasi da. Sare kolektiboak antolatu duen mobilizazioan 63.000 pertsona inguru bildu dira euskal presoen aldeko eskubideak defendatzeko.

Bilboko manifestazioa Zabalburun. (ARGAZKI PRESS)
Bilboko manifestazioa Zabalburun. (ARGAZKI PRESS)

Milaka eta milaka pertsona bildu dira Bilbon dispertsioaren bukaera exijitzeko eta larriki eri diren presoen askatasuna aldarrikatzeko. La Casillatik hasi den mobilizazioa herriko etxean bukatu da. Bertan Xabier Euzkitze kazetariak eta Zuriñe Hidalgo kantariak hitza hartu dute.



Baionako manifestazioan bezala, Mirentxin elkarteko kamioiek bidea ideki dute eta ondotik euskal presoen senideak txalo artean aitzinatu dira. Eragile politikoek eta senideek "giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Euskal presoak Euskal Herrira" lema islatu duen banderola eraman dute.



Banderolaren gibelean egon direnen artean Rosa Rodero zegoen, Joseba Goikoetxea ertzaintzaren emazte alarguna. Azken horrek gizartea mobilizatu behar dela nabarmendu du. "Gauza normalak eskatzen ditugu, presoen hurbilketa legeak dioen eskubidea da", aipatu du.

Gisa berean, EH Bilduko parlamentarioa eta Euskal Alkartasunako lehendakaria den Pello Urizarrek Bilbo eta Baionako manifestazioek "giza eskubideen aldarriak irudikatzen" dituztela azaldu du. Anna Gabriel eta David Fernandez CUPeko kide katalanek ere ekimenean parte hartu dute.

"Politika krudela"

Bukaerako ekitaldian, Baionakoarekin batera Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariek giroa alaitu dute. Ondotik Xabier Euzkitze eta Zuriñe Hidalgok dispertsioaren eraginez "astero milaka pertsonek sufritzen duten egoera" salatu dute.

Halaber, ETAk duela lau urte armak utzi zituela oroitarazi dute eta "geroztik ez da deus aldatu". "Estatu espainiar eta frantsesaren politika beti bezain krudela da", azaldu dute. Esne Beltzako kantaria den Xabi Solanok bukaera eman dio ekimenari.