Iurre BIDEGAIN

Baionako Gaztetxea urtarrilaren 23an estreinatuko dute egun osoko ospakizunarekin

Uda honetan Baionako Gazte Asanbladak iragarri zuen bezala, gaztetxe berriak urtarrilaren 23an ateak irekiko ditu hiriko "erreferentzia kulturala" bilatzeko xedez. Urteak iraun duen lanaren "garaipena" ospatzeko egun osoko besta antolatuko dute. 

Gatibu eta Itziarren Semeak taldeek estreinaldian parte hartuko dute. ©Bob EDME
Gatibu eta Itziarren Semeak taldeek estreinaldian parte hartuko dute. ©Bob EDME

Bada aspaldi Baionako Gazte Asanbladak gaztetxe bat lortzeko lanean ari dela. Oztopoak gainditu ondoren eta batez ere Herriko Etxearekin akordio bat lortu eta, urtarrilaren 23an Lesseps kaian aurkitzen den zentroak ateak irekiko ditu. Asanbladak 130 m² dituen lokala hiriko elkarteen esku jarri du bertan mota anitzetako aktibitateak antolatzeko xedez.

Aspalditik hiriko gazteak elkartzeko gune autogestionatu bat aldarrikatzen dute. Duela urte batzuk jabe pribatu batekin akordio bat lortu ondoren, gaztetxe bat sortzea lortu zuten, baina "jasotako presioen eraginez" proiektua bertan behera gelditu zela azaldu du Unai Arkauz kideak. "Gora-behera anitz izan ondoren" akordio bat lortu dute Herriko Etxearekin. Gazteek teknikariek denboraldi honetan egindako lana eskertu dute.

"Guretzat garaipen bat da. Urteetan eraman dugun lanaren emaitza irudikatu du", azpimarratu du Arkauzek. Gaztetxearen aurkezpenean Euskal Herrian zehar gune autogestionatuak sostengatzen dituztenak ere oroitarazi dituzte: Donostiako Kortxoenea, Bilboko Kukutza eta Iruñeko Euskal Jai Gaztetxea, besteak beste. Gisa berean, Euskal Herritik kanpo helburu berdinarekin lan egiten duten gazteak ere gogora ekarri dituzte; adibidez Kataluniakoak eta Herri Beheretakoak.

Halaber, Baxe Nafarroan, Lapurdin eta Xiberoan gune autogestionatuen alde lan egiten duten pertsonak ere aipatu dituzte. Gaztetxe baten alde mobilizatzen diren Oztibarreko eta Hendaiako gazteak, besteak beste. "Horiek guziak ereduak dira guretzat eta espero dugu Baionako Gaztetxean gisa bereko lana aitzina eramanen dugula", gehitu du.

"Denen esku"

Gazte Asanbladak edozein elkartek izenpetzen duen konbentzioa hitzartu duela esplikatu du Unai Arkauzek; "urtero berritzen ahal dena". Gunearen helburua ekimen kultural anitzen elkargunea bilakatzea da. Horretarako elkarteen itzulia egin dute gunea proposatzeko xedez. Hain zuzen ere, aste guzian yoga, bertso eta tango klaseak eskainiko dituztela iragarri dute.

"Argi utzi nahi dugu gunea ez dela pertsona talde baten esku izanen, elkarte anitzekin elkarlana abiatu nahi dugu. Denen artean Baiona biziaraz dezagun", azpimarratu du kideak.

Estreinaldia urtarrilaren 23an antolatuko dute egun osoko besta batekin. Goizeko irekiera ofizialaren ondoren, bazkari bat prestatuko dute tokiko ekoizleek eskainitako janariarekin. Arratsaldean poteo alaitu bat iragan eta, Gatibu eta Itziarren Semeak taldeek kontzertuak proposatuko dituzte.