Kattin Chilibolost

Herritarrak ere laguntzaile Baigorriko pausalekuan

Baigorriko pausalekuan, egoiliarrak paperen beha dira. Anartean, egunerokoaren goxatzeko xedearekin animazioak ugaritzen doaz.

Egoiliarrek otsaila bukaerako babes politikoa jaso behar lukete. © Bob Edme
Egoiliarrek otsaila bukaerako babes politikoa jaso behar lukete. © Bob Edme

Atherbeako pausalekuan, egoiliarrak ez dira geldirik egoten. Egutegia frango betetzen ari zaie frantses klase, yoga, zango-baloi, mendi ateraldi, pilota eta beste hainbat animaziorekin. Abenduaren 1ean antolatu zen bilkuraz geroztik hain zuzen ere, Baigorriko eta inguruetako herritarrek eskaini nahi zuten laguntza antolatu da. Errefuxiatuek ikasteko gogo handia erakusten dute, dudarik gabe.

Baigorriarren kezkak apaldu badira ere, herriko eskolako haurren ahotan edozer gauza entzuteaz aspertua dela aitortzen du frantseseko irakasleak. "Jadanik hemen jendea arabiarrei mesfidantza frango dion, Pariseko gertakari horiekin, arrunt izitu ere egin dira batzu" zioen beste laguntzaile batek. Haatik, Baigorriko pausalekura heldu diren aldi oro, handik berriz joatea zaila egiten zaiela argi utzi dute. "Egoiliarrek beti ikasi nahi dute. Frantses klaseetaz, zango-baloiaz eta musikaz ere izigarri eskale dira".

"Hemen ongi gara, jendea goxoa da, ongi jaten dugu" diote hainbat egoiliarrek. Alta, zortzik alde egiteko erabakia hartu dute. "Zuen ustez zergatik?" galdetzean, inguruko hiru pertsonek "ah, hori ez dakigu..." erantzuten dute. Ondoan da Danel, Erithreatik jina. Honek dio Calaisra itzuli nahi lukeela, han paperak fite lortzen dituztela entzun izan duelako. Eta Baigorrin, aldiz, ez dela aitzinatzen dio: "ene kasuan ez dira hasi".

Babes politikoa lortzeko prozedurak martxan

Bestalde, departamenduko kohesio sozial saileko zuzendaria den Franck Hourmatek Baigorriko egoiliar bakoitzarentzat babes politikoaren eskatzeko prozedurak martxan direla segurtatu du. Izan ere, bakoitzaren aitzinamendu maila emateko gaitasunik ez duela gehitu du, pertsonen arabera egiten direla zehaztuz. Zentzu horretan, adingabeentzat adibidez, gauzak era bat ezberdinak dira. Beren burua administrazio aurrean aurkeztuko duen tutore bat atzeman behar dute. Hau izango baita prozedura legal guzien martxan jartzeko ahaldundu bakarra.

Pirinio Atlantikoetako prefekturako zerbitzuek adierazi dutenez, iragan udatik babes politikoaren jasotzeko prozeduren azkartzeko lege eta dispositiboa adostuak izan dira. Baigorrikoen kasuan, horrelako bat martxan jarri dute: usaiako 12 edo 18 hilabeteen ordez, hiru hilabetez paperak lortu beharko lituzkete.