Goizeder TABERNA

Eskuin bozkatu du Ipar Euskal Herriak

Virginie Calmelsek zuzenduriko zerrendak bildu ditu bozka gehien Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Xiberoan. Hala ere, hautesleak galdu ditu bozkaldi honetan.

© Bob EDME
© Bob EDME

Ipar Euskal Herriak bere berezitasuna atxiki du abenduaren 6ko eskualde hauteskundeetako lehen itzulian: zentro eskuinaren eta eskuinaren arteko aliantza lehen indarra agertu da. Alderdi sozialista bigarren indarra da eta Fronte Nazionala hirugarrena. Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoak ez dute Akitania-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeko joera segitu.

Virginie Calmelsek zuzendutako zerrendak bozen %29,45a lortu du, hots, 30.978 boz. Haatik, aitzineko hauteskundeetan, 2010ean, Modemak (zentrista) eta UMP alderdiak (eskuin) egindako emaitzak baturik boz gehiago lortu zituen tendentzia horrek, ia 6.000 boz gehiago.

Hasieran, Pirinio Atlantikoetan eskuin-zentroko aliantzan zegoen UDI, baina hika-mika batzuen ondotik bere burua aliantza horretatik kanpo utzi zuen. Hori izan daiteke apaldi horren arrazoinetako bat. Bestea, frantses Estatu mailan N. Sarkozyren alderdiak Hollanden alderdiaren kontrako protesta bozak ez osoki bildu izana.

Aldiz, alderdi sozialistak bere emaitzak hobetu ditu. Nahiz eta bigarren indarra baizik ez den, joan den bozetan baino ia 4.000 bozka paper gehiago lortu ditu 2015ean.

Alabaina, emaitza horiek hola, eskualde hauteskundeen irabazle handia, Ipar Euskal Herrian ere bai, Fronte Nazionala da. Izan ere, bost urtez ia 12.000 boz berri erakarri ditu.

Bozka xuri

Europe Ecologie Les Verts alderdiak, aldiz, bigarren itzulirako toki estrategikoa lortu du, bozen %5aren muga gaindituz, baina emaitza kaskarrak egin ditu. Izan ere, 4.000 boz galdu baititu bost urtez.

Gainera, 3.718 bozka xuri izan dira bozkaldi honetan. EH Bai mugimendu abertzaleak xuri bozkatzeko deia zabaldu zuen.