Goizeder TABERNA

Fronte Nazionalak jauzi bat egin du Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko herrietan, erraz gainditu du %10aren muga Fronte Nazionalak Akitania-Poitou-Charentes-Limousin eskualdeko bozen lehen itzulian.

Jean-Michel Iratchet Baionesak gidatzen du Fronte Nazionaleko departamenduko zerrenda. © Bob EDME
Jean-Michel Iratchet Baionesak gidatzen du Fronte Nazionaleko departamenduko zerrenda. © Bob EDME

Fronte Nazionalak 16.932 boz bildu ditu Ipar Euskal Herrian, hots, bozen %16,10. Aitzineko eskualdeko bozetako lehen itzulian, 2010ekoetan, eskuin muturreko alderdiak bozen %5 eta %7ren artean bildu zituen herri anitzetan. Aldi honetan, %12 eta %21 artean bildu ditu. Jauzi handia eman du eskuin muturrak portzentaietan, abstentzio handiak markatu dituen hauteskunde hauetan. Baina ez bakarrik, boz kopuruetan ere hobetu baititu bere emaitzak.

Hendaia herri sozialista da adibide argiena: 182 bozetatik (%5,35) 610 bozetara (%17,56) igan da Fronte Nazionala eta bigarren indarra bilakatu da. Bostehun herritar dituen Haltsu herriaz ere bada zer erran. Alabaina, bozka paperen %20,59a kontabilizatu du Marine Le Penen alderdiak. Aitzineko hauteskundeekin konparatuz, 34 boz irabazi ditu, hots, 8 bozetatik 42ra igan da.

Horrez gain, eskuin muturreko ideiek arrakasta izan duten kantonamenduak Lapurdin dira. Bokale eta Baiona iparraldeko kantonamenduan, %20,97ra heldu da Fronte Nazionala. Errobi-Aturri kantonamenduan, Hiriburu eta Bardoze artekoan, %20,82 lortu du. Baigura-Arranomendi eskualdean ere emaitzak gora ditu, bataz beste, bozen %18,45ekin. Euskal Mendialdean (Xiberoa, Baxe-Nafarroa), aldiz, %12ra heldu da Marine Le Penen zerrenda.

Neurri ertaineko hirietan, jauzia agerikoa da. Donibane Lohizunen, konparazione, %5,8 egin zuen 2010ean, aurten, %16,38. Angelun, %6,72tik %17ra igan da. Eta aspaldi Fronte Nazionaleko habi gisa ikusia zen Biarritz ez da gehiago bakarrik. Beste herrien gisara, berak ere jauzia egin du %7,62tik %16,19ra iraganez.