Kazeta

Atxiloketak eta giza-katea COP 21 gailurraren hasieran

Ingurumenaren aldaketa lantzen duen COP 21 gailurra hasi da Parisen azaroaren 30ean. 150 estatu buruzagi baino gehiago Nazio Batuen Erakundeak antolatzen duen ekimenean elkartuko dira. Asteburuan polizia eta manifestaldien arteko liskarrean 341 atxiloketa burutu ziren. Alternatiba eta Attack elkarteek 10.000 pertsona lotu zituen giza-katea antolatu zuten.

"Xutik eta deliberatuak, klimaren alde!" mezua plazaratu zuen "foto-ekintzak" Baionan. ©Bizi
"Xutik eta deliberatuak, klimaren alde!" mezua plazaratu zuen "foto-ekintzak" Baionan. ©Bizi

Ingurumenaren aldaketaren inguruko COP 21 gailurra abiatu da azaroaren 30ean Parisen. Estatu anitzetako 150 buruzagik "akordio historiko" bat hitzartuko dute beroketa efektuaren kontra lan egiteko. François Hollande Estatu frantseseko presidenteak irekieraren hitzaldian "planetaren etorkizuna" erabakitzeko xedea dutela azaldu du.

Pariseko atentatuen eraginez ekimenarentzat segurtasun neurri zorrotzak plantan ezarri dituzte. Hain zuzen ere, 2.800 polizia eta militar baino gehiagok Bourget erakusketa sala eta inguruak zaintzen dituzte. Goizean, 11.00etan erasoetan zendu ziren pertsonen omenez minutu bateko isiltasunarekin hasiera ofiziala eman diote gailurrari.

Ekimenaren helburua gas emisioa murrizteko akordio bat lortzea da. Horrek beroketa globalari mugak ezarriko lizkioke, jakinez bataz besteko tenperatura bi graduz igo dela. Amerikako Estatu Batuek eta Txinak ez dute "akordio loteslerik" nahi, aldiz Europarentzat akordio hori baitezpadakoa da.

2.000 mobilizazio

Gailurra hasi baino lehen, mobilizazioak garaile izan dira Parisen, baita munduan zehar ere. Hain zuzen ere, 2.000 mobilizazio baino gehiagok ekimenak iraunen dituen bi aste hauetan "ingurumenaren inguruko akordio azkar" bat lortzea eskatu dute.

Azaroaren 29an Parisen iragan diren mobilizazioetan 341 pertsona atxilotu zituzten, Bernard Cazeneuve Lehen ministroak azaldu duenez. Polizia eta manifestaldietako parte hartzaileen arteko liskarrak nagusitu ziren Errepublika plazan. Tentsio handiko memento horietan Poliziak gasarekin erantzun zien.

Alternatibak bere aldetik giza-kate bat antolatu zuen azaroaren 29an. 10.000 pertsonek "bakearen ingurumena" aldarrikatu zuten Pariseko karriketan. Larrialdi egoeraren segurtasun arauen artean, kolore anitzetako parte hartzaileek sistemaren aldaketa eta ingurumenaren aldeko justizia exijitu zuten.

Halaber, Bizi mugimenduko 50 bat kide eta laguntzaile elkartu ziren Baionan azaroaren 28an. "Egiazko alternatibak" galdegiteko, "foto-ekintza" bat burutu zuten ondoko mezua plazaratuz: "Xutik eta deliberatuak, klimaren alde!". Horrez gain, Naomi Kleinen "This change everything" filma proposatu zuten.