Kazeta

Dantxarineako obra bukatzeko langileek jasotako presioak salatu dituzte

Dantxarinean eraikitzen ari ziren saltokian behargin bat zendu eta beste hiru lagun zauritu ziren azaroaren 25ean. Gertakarien ondotik, Urdazubi Elgarrekin talde politikoak langileek obrak bukatzeko presioak jaso zituztela salatu du; jakinez eraikina egiteko lanek ez zutela lizentziarik. LAB sindikatuak ikerketa bururaino eramanen duela berretsi du.

Behargin bat zendu eta beste hiru lagun zauritu ziren istripuan. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Behargin bat zendu eta beste hiru lagun zauritu ziren istripuan. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Dantxarinean saltoki berri bat eraikitzen ari zirenean, bigarren solairua eraitsi zen azaroaren 25ean. Gertakarien eraginez, teilatuaren gainean zeuden langileak erori eta materialaren artean harrapatuak egon ziren. Behargin bat zendu eta beste hiru lagun zauritu ziren; horietako bi egoera larrian daude. Biharamunean, Nafarroako Epaitegi Administratiboak obren lizentzia deuseztatu zuela jakinarazi dute.

Urdazubi Elgarrekin talde politikoko hautetsia den Iñigo Imazek langileek obra bukatzeko Bostargi SL enpresarengandik presioak jaso zituztela azaldu du. Lehenbailehen obra bukatzea galdegina zitzaien, batez ere epaitegiak lizentzia deuseztatu zuelako egoitzaren altuerak hirigintza planoko hamabost metroak gainditu zituelako.

Oposizioko taldeak obrak ez gelditzeagatik "arduragabetasunez" jokatzea leporatu dio auzapezari. Bere iritziz, neurri juridikoak hartu behar zituzten obrak bertan behera uzteko, "partikularren beste obra batzuk gelditu diren moduan", baita lan tipiagoak ziren kasuetan ere. "Zergatik orain ez?" galdetu dio bere buruari.

Sostengu ikurrak

Gertakarien ondotik, langileekiko elkartasun keinuak nagusitu dira. Euskal sindikalisten gehiengoa Oiartzunen elkartu zen, Erreti Eraikuntzak SL eraikitzaile enpresaren bulegoak bertan kokatzen direlako.

LAB sindikatuaren ustez "lizentziekiko alde ilunak daude". Bere iritziz, "obrak gelditu beharko lirateke, behintzat epaitegien izapideak bukatu arte". Lizentziei lotutako alde guziak argitzea exijitu dio Urdazubiko Herriko Etxeari, "gertakarien larritasunak hala eskatzen duelako".

Halaber, Sortuk, LABek eta Ernaik antolaturiko beste elkarretaratze bat prestatu zuten azaroaren 26an Oiartzunen; zendu den langilearen herrian. Gipuzkoako Batzordeak instituzio agiri bat argitaratu zuen doluminak adieraziz zendu den langilearen familiari. Gainera, agirian istripuak "saihestu behar" direla azpimarratu zuen.